Koxka tabernak ezin izan du Espainiakoa errepikatu

Guaixe 2015ko eka. 16a, 11:13

Cartagenan jokatutako Areto Futboleko Kluben Espainiako Txapelketan final laurdenetan erori zen Altsasuko taldea

2014an Areto Futboleko Kluben Espainiako Txapelketa irabazi zuen Altsasuko Koxka taberna taldeak Guadalajaran. Espainiako txapeldunak izateaz gain, Europako Txapelketan jokatzeko txartela lortu zuten altsasuarrek. Maiatzaren 4tik 9ra Lloret de Marren jokatutako XIX. Europako Kluben Arteko UEFS Cup txapelketan finalera iritsi zen Koxka taberna eta finalean Errusiako Podvodnik taldeak 6 eta 3 hartu zuen menpean Koxka. Espero baino urrutiago iritsi ziren altsasuarrak, egun Europako kluben arteko txapeldunordeak baititugu.

Aurten ere Areto Futboleko Kluben Espainiako Txapelketan aritu dira Migel Barrero eta Jose Ramon Ramirezek entrenatzen dituzten mutilak. Asteburuan 2015eko Espainiako Txapelketako bukaerako fasea jokatu da Cartagenan, eta, tamalez, Espainiako txapeldunak ezin izan du titulua berritu. Hasierako taldeen arteko fasea gainditu zuten Koxkako mutilek, A multzoko bigarrenak sailkatu baitziren, Polaris Febrili 4 eta 1 irabazi eta Salvador Artesanoren kontra hiruna eta Murciaren kontra bina berdindu eta gero. Baina final laurdenetan B multzoan lehen sailkatutako Sanix Asador taldearen kontra aritzea tokatu zitzaien Koxkakoei eta partida lehiatu eta konplikatuan 3 eta 8 irabazi zieten Sanix Asadorrekoek. Koxka taberna bidean geratu zen eta hain zuzen ere Sanix Asador da Espainiako txapeldun berria.

Nolanahi ere Estatu mailan lehen 8 taldeen artean sailkatzea ez da nolanahiko gauza.