Urte bikaina Bargagain klubarendako

Guaixe 2015ko eka. 18a, 13:18

Urte batean ikasleak bikoiztu ditu Bargagain Taekwondo Klubak eta oraindik ere gehiago handitu nahi dute. Teknikan eta borrokan emaitza bikainak lortu dituzte ikasleek

Urte batean panorama goitik behera aldatu da Altsasuko Bargagain Taekwondo eskolan. 2014an 24 ikasle trebatu ziren Bargagainen eta aurten 43 izan dira. Gainera, txapelketa eta lehiaketetan emaitza bikainak lortu dituzte taekwondolari altsasuarrek. “Klubean aldaketak eman dira. Batetik irakasle aldaketa eman zen eta bestetik gure lana erakutsi eta gizarteratzeko dinamika aldaketa egin dugu: txapelketetan aritzeaz gain erakustaldiak egiten ditugu, herriko ikastetxeekin harremanetan jartzen ari gara taekwondoa zer den azaltzeko, ikasleak izugarri inplikatu dira… beherakadaren ondoren gorakada heldu da eta oso kontentu gaude. Hala ere, handitzen jarraitu nahi dugu” adierazi dute Bargagain klubeko Beatriz Fernandezek eta Merche Lopezek.

Irakaslearekin kontentu
Bargagainen oso kontentu daude Gerardo Montero Rivera irakaslearekin. Antonio Martinez Munchi lekukoa hartu zion Monterok duela bi urte. 29 urte ditu, gerriko beltza eta 4. dam-a. Zizur Nagusiko Ardoi klubeko kide, ikaslea eta irakaslea. Altsasun klaseak emateaz gain, Zizurren eta Mendillorrin ere aritzen da. Montero oso pozik dago Altsasuko ikasleekin. Urte bateko epean ikasleak bikoiztu dira. “Jendez betetako klaseak izatea gustatzen zait, eta oso dinamikoa izatea. Klase kolektibo dinamikoa egin dezakezu, ahalegindu daitezela, garapen fisikoa izan dezatela. Ni klasean barna mugitzen naiz eta bakoitzari gauza zehatzak esanez, zuzenketak eginez eta abar”.

Bargagain klubaren helburua kluba ezagutaraztea eta taekwondoa zer den gizarteratzea da. Izan ere, taekwondoa mundu bat da, bizitzeko modu bat. “Jendeak ez dezala pentsatu taekwondoa soilik borroka dela. Askoz ere gehiago da. Gainontzeekiko errespetua sustatzen duen arte martziala da. Psikomotrizitatea, diziplina, errespetua, autonomia, osasuna… lantzen ditu, neska-mutikoendako eta helduendako ere horren garrantzitsuak diren baloreak” adierazi dute Bargagain klubeko ordezkariek.

Altsasun taekwondoaren bi alorrak lantzen dituzte: teknika eta borroka. Bargagainera doazen asko lehiaketa eta torneoetan aritzen dira, baina beste asko kirola lantzera. Lehiaketetan aritzen diren asko modu sakonagoan prestatzeko larunbatetan Zizurko Ardoi klubera doaz, bertan Gerardo Montero irakaslearekin eta Ardoiko Maria Angeles Urmeneta Nafarroako Taekwondoko presidentearekin gehiago sakontzera.

Adin guztiak
Taekwondoak ez du adinik eta taekwondoa ezagutzeko gonbitea egin dute Bargagain taldekoek. Egun adinka banatuta ematen dira klaseak, baina badago nagusien taldea ere, egun 16 urtetik 44 urtera bitarteko kideek osatutakoa. “Talde anitza da. Batzuk hasi berriak, beste batzuk taekwondoarekin jarraitu nahi dutenak, denetatik. Guk 15 eguneko proba eskaintzen dugu. Nahi duena hurbildu dadila, taekwondoa ezagutu dezala eta gustatzen bazaio izena eman dezala edo bestela ez” adierazi dute Fernandezek eta Lopezek.

Izena ematea
2015-2016 ikasturtea irailaren 17an hasiko da. Ikasle berriak, aldiz, urrian batuko dira. Orain arte klaseak asteartetan eta ostegunetan ematen dira, arratsaldez, Lavaderon. Egunero 3 ordu eskaintzen dira, baina izena ematearen arabera lau ordura zabaltzea aurreikusten ari dira. Ekaineko izena ematea ongi joan da eta 41 neska-mutikok eman dute izena. Nagusien klasearekin eta beste 60ra heltzea espero dute. Baina oraindik ere izena eman daiteke. Irailean kirol eskoletan izena emateko aukera egongo da udaletxearen bidez, edo bestela zuzenean Bargagain klubera hots eginez (625 883 135, Beatriz).

Urreak, zilarrak, brontzeak…
Taekwondoan bi modalitatetan lehiatzen dira: teknikan eta borrokan. Teknikan Bargagaineko ikasleek emaitza bikainak izan dituzte Nafar Kirol Jolasetan. Aaron Agirretxe kadeteak urrezko domina jantzi zuen, Oihane Palomares juniorrak urrezko domina eta Joel Agirretxe kadeteak brontzeko domina. Borrokan Nafar Kirol Jolasetan ere emaitzak txalotzekoak dira. Aaron Rodrigez kadeteak zilarrezko domina lortu zuen, Aaron Agirretxe kadeteak urrezkoa, Erkuden Moreno haurrak urrezkoa, Ane Gil kadeteak urrezkoa, Patxi Bergera kadeteak urrezkoa, Mohamed Essobai kadeteak brontzezkoa, Sheila Vidarte juniorrak brontzekoaz, Oihane Palomares juniorrak zilarrezkoa eta Lidia Martin seniorrak brontzezkoa. Horretaz gain, Gasteizko Torneoan, borrokan, Aaron Agirretxek, Erkuden Morenok, Ane Gilek eta Patxi Bergerak urrezko domina jantzi zuten, Aaron Rodriguezek eta Oihane Palomaresek zilarrezkoa eta Mohamed Essobaik eta Lidia Martinek  brontzezkoa. Joel Agirretxe kadeteak ere maila bikaina eman zuen.

Bestalde, Iruñean jokatutako 21 urtez azpiko Espainiako Txapelketan Sheila Vidarte eta Oihane Palomares juniorrek zilarrezko domina lortu zuten eta Lidia Martin seniorrak brontzezkoa. Eta Espainiako Nazioarteko Openean Oihane Palomares aritu zen eta final laurdenetara sailkatu zen.

Igandean Bargagaingo ikasleek erakustaldia egin zuten Altsasuko Zelandi kiroldegian. Urtean zehar ikasitakoa erakutsi zuten eta Gerardo Montero irakasleak ere erakustaldi ederra egin zuen. Pozik geratu ziren guztiak eta asko bazkaltzera bildu ziren.