Presoen sakabanaketaren salaketa, irudiz eta hitzez

Guaixe 2015ko eka. 19a, 10:15

Gaur, ostirala, 19:00etan, Iortia kultur gunean Urruti vs Gertu dokumentalaren emanaldia eginen da. Ondoren Etxerat, Jaiki Hadi eta Mirentxin gidariak erakundeetako kideen hitzaldia izanen da

Altsasuko Sarek euskal preso politikoek bizi duten sakabanaketa politika salatzeko ekitaldia eginen du gaur arratsaldean. Iortia kultur gunean Sakanako presoen senideen lekukotzak jasotzen dituen Urruti vs Gertu dokumentala emanen du kultur gunean. Hango ezkaratzean izen bereko erakusketa ikusgai izanen da eta, bukatzeko, Etxerat presoen senideen elkarteko, presoen osasunaz arduratzen den Jaiki Hadi elkarteko eta senideak espetxeetara furgonetetan eramaten dituzte Mirentxin gidariak elkarteko kideekin dispertsio politikaren inguruko mahai-ingurua antolatu du.

Saretik azaldu dutenez, “preso politiko eta iheslarien eskubideak urtez urte urratuak izaten ari dira. Atxilotzen dituzten momentutik eskubideen urraketa sistematikoa da: inkomunikazioak, torturak, neurrigabeko fidantzak, jipoiak, isolamendua…” Sarekideen iritziz “euskal preso politikoei bereziki ezartzen zaizkien salbuespen neurriek sufrimendu hau oraindik gehiago areagotzen dute. Bizi osoko kartzela zigorrak, gaixorik dauden presoak kartzelan mantentzea,dispertsioa…” Saretik gaixo dauden 11 presoen askatasuna aldarrikatu dute.

Sakabanaketari dagokionez, Saretik azaldu dute “psikologikoki eta fisikoki presoa eta haren senideak txikitzen” dituela. Presoen senide eta lagunei “ezarritako zigor gehigarri bat ezartzen zaie, astebururo milaka kilometroko bidaia nekagarri eta arriskutsuak egitera kondenatuz maite dutenarekin 40 minutu eskaseko bisita egitera doazenak”. Sakabanaketaren ondorioz 16 senide eta lagun auto istripuetan hil direla gogorarazi dute Saretik. Familiendako sakabanaketak duen gastu ekonomikoa ere salatu du Sare Altsasuk.