Urteurrenerako musika

Guaixe 2015ko eka. 19a, 13:15

Trio Veracruz eta Andoni Sarobe larunbatean, 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean, Trasteandoren urteurrena dela eta

Trasteando taldeak 10 urte bete dituela eta hori musika bidez ospatzen ari da. Ilbeltzaren 24an Iruñeko Sacalfi taldea kontzertua ematera gonbidatu bazuen, bihar, berriz, bi gonbidatu izanen ditu: Trio Vera Cruz eta Andoni Sarobe. Hirukoteak Hego Amerikako doinuak (boleroak Mexikoko doinuak…) eskainiko ditu. Gaiarreko edo Baluarteko eszenatokietan maiz aritu den baritonoak, berriz, zarzuela zatiak eta bestelako sorpresak eskaintzea espero da. Jaialdiari hasiera, hala ere, Trasteandok emanen dio, giroa berotu eta besteak aurkezteko. Kontzertu akabera denak eszenatoki gainean daudela despedituko da. 

Trasteandoko kideak aurten oraindik ziurrenik beste bisitaren bat hartuko dute: Legazpiko Alaitasuna Errondaila. Festetan ere zerbait eginen dutela aurreratu digute eta Eguberritan antolatzen duten elkartasun jaialdia berezia izatea nahiko lukete.

Musika soziala

Trasteandoren DNA hori da. Horregatik, urtero moduan eta dagoeneko 15 dira, Josefina Arregi klinikan eta Aita Barandiaran adinduen egoitzan kontzertuak emanen dituzte gaur arratsaldean. Urteko bi hitzorduetako bat da, bestea eguberrietan dute.