Udalen osaketa 2015

Ollo alkate

Guaixe 2015ko eka. 18a, 19:58

Geroa Baiko zinegotziak. Eskubian Javier Ollo Martinez.

Udalbatzak Javier Ollo Martinez aukeratu zuen alkate posturako larunbatean. Geroa Bairen aldeko bost botoak jaso zituen, berea eta Pedro Maria Jimenez Elvira, Unai Hualde Iglesias, Maria Carmen Otaegi Saez De Maturana, Manuel Bergera Ijurkorena. EH Bilduk (Arantza Bengoetxea Intxausti, Francisco Javier Paz Miño eta Haizea Ramirez De Alda Pozueta), Goazen Altsasuk (Virginia Alonso Aparicio eta Pedro Jose Arregi Mugika) eta UPNk (Javier Lopez Patus) boto txuria eman zuten. Bestetik, PSNko bi zinegotziek, Juan Miguel Perez Hurtado eta Julia Cid Gonzalez, euren hautagaiaren alde eman zuen boto. UPN eta PSNkoak ezik, gainontzeko guztiak legeak hala aginduta hartu zuten kargua.

Hitza eta eztabaida, lan tresnak
Ollok altsasuarrak eta zinegotzi guztiei eskerrak emateko eta zortea opatzeko hartu zuen hitza. Udala Altsasuren aniztasunaren isla dela eta konplexutasun hori arduraz kudeatzeko deia egin zion udalbatzari. “Pluralitateak entzuten, hitz egiten eta akordioak egiten jakitea eskatzen digu”. Ezberdintasun ideologikoak akordioak lortzeko oztopo ez izatea eskatu zuen. “Herritarrek hori eskatzen digute. Hori bermatzeko erantzukizun garbia daukat”. Legegintzaldirako asmo hori duela jakinarazi zuen. Aurrean duen legegintzaldia erraza ez dela izanen jakinda, udalari denbora eskaini dion aurreko alkateari, Garazi Urrestarazu Zubizarretari, eskerrak eman zizkion (aretoan zegoen).

Legegintzaldirako helburuetako batzuk aletu zituen Ollok: garapen sozioekonomikoa, gizarte zerbitzuen mantentzea eta indartzea, herritarren parte hartzea eta gardentasuna. 
Herriaren irudia hobetzeko beharra ere nabarmendu zuen. Jarduera politikaren aldarrikapena eginez bukatu zuen hitzaldia Ollok. Altsasu eta altsasuarrak goratuz despeditu zen.

Jende asko
Publikoaren artean hainbat pertsona ezagun izan ziren: PNVko Manu Aierdi eta Jose Antonio Urbiola, UPNko Carlos Salvador, PSNko Mariano Garcia eta Mari Carmen Lopez, EH Bilduko Camino Mendiluze eta Juanjo Goikoetxea, IUko Arturo Carreño eta Santiago Moreno edo Mank-eko presidente izandako Migel Angel Zubiria zeuden.

Erlazionatuak

Ollo Altsasuko alkate

Guaixe 2015 eka 13 Altsasu

Geroa Bai lehen indarra

Guaixe 2015 mai 28 Altsasu