Martinez bihar epaituko dute

Guaixe 2015ko uzt. 1a, 10:26

Dinamikako kideek Sanpetrotan elkartasun brotxeak saldu zituzten.

Donostiako herri harresian parte hartzeagatik 15 hilabeteko espetxe zigor eskaera eta isuna eskatzen dute harendako.

Defentsaren lekukoetako batek joan ezin zuelako otsailaren 25erako iragarria zegoen epaiketa bihar eginen da. Epaitua Edurne Martinez izanen da. Duela bi urteko Donostiako aske gunean atxilotzeko agindua zuten sei gazte babesteko herri harresia osatu zuten ehunka gaztek. Altsasuarrak harresi hartan parte hartu zuen. Ertzaintzak atxilotu eta agintearen kontrako atentatua leporatu zion. 15 hilabeteko espetxe zigor eskaera eta isuna eskaerari aurre egin beharko dio.

Epaiketa salatzeko makina bat ekimen egin ditu Edurnerekin bat dinamikak. Ostegunerako ere prest ditu. Dinamikatik Donostiako auzitegira joateko autobusa antolatu da eta ohiko tokietan dago izena emateko aukera. 8:00etan abiatuko da Altsasutik. 10:20an dago iragarria epaiketa eta hura bukatuta, eguerdian, Altsasurako bidea eginen dute. Epaiketa salatzeko Elkartasuna ez da delitua! Herria zurekin! lelopean kontzentrazioa eginen da udaletxe parean, ostegunean, 19:00etan.

Edurnerekin bat dinamikatik beti salatu dute Donostiako herri harresian atxilotu zituzten bi gazteak “muntai polizial eta mendeku politikaren ondorio garbia” direla. “Edozein izan zitekeen atxilotua. Eta ondorengo herri harresietan ere akusazio berarekin beste hainbat atxilotu egon dira”. Dinamikak euskal gazteriaren “kriminalizazio” saioak salatu ditu.