Sakanari buelta bizikletan

Guaixe 2015ko eka. 30a, 11:48

Pablo Urtasunek moztu zuen hasierako zinta.

161 txirrindularik hartu zuten parte V. Sakana Burunda txirrindularitza martxan. Pablo Urtasun txirrindulariak eman zion irteera probari

Sakandarrak San Migeleko kronoigoeran
1.Felix Valcarcel (Iruñea): 32:17
3.Pablo Urtasun (Urd): 33:12
9.Iñaki Garmendia (Olaz): 35:28
25.Iker Estarriaga (Alts): 39:13
28.Igor Flores (Alts): 39:28
29.Julen Palacios (Lak): 39:30
32.Xabier Seco (Alts): 39:55
33.Igor Zamarron (Alts): 40:36
42.Ismael Perez (Olaz): 42:24
46.Mikel Solas (Olaz): 42:44
51.Iñaki Alvaro (Alts): 43:23
55.Iban Sobredo (Alts): 44:11
59.Luis Lopez (Alts): 46:00
68.Jon Arellano (Alts): 46:58
70.Javier Arellano (Alts): 47:20
77.Luis Nogueira (Alts): 48:45
78.Jose Mari Trevejo (Etx): 48:45
87.Jose Migel Razkin (Alts): 52:12
107.Beñat Iglesias (Alts): 1:07:17
111.Jose Luis Galparsoro (Olaz): 1:13:52

 

Larunbatean 161 txirrindulari bildu ziren Altsasuko Foru plazan, Barranka Txirrindulari Taldeak antolatutako V. Sakana Burunda txirrindularitza martxan parte hartzeko asmoz. Eguraldi bikainarekin gauzatu zen proba ez lehiakorra. Txirrindulariek bi aukera zituzten: ohiko proba, 124 km eta 2.011 m desnibel positibokoa, eta laburragoa, 100 km eta 1.050 m desnibel positibokoa. Gehienek, 112k, ibilbide luzea aukeratu zuten.

Guztiek Ziordiraino jo zuten, han buelta hartu eta Olaztin Altamira igo eta jaisteko. Etxarri Aranatzeraino heldu ziren segidan, Lizarragako katea igotzeko. Arbizutik jaitsi ziren eta Uharte Arakileraino iritsi ziren guztiak. Ibilbide luzea hautatu zutenak Uharteko pistatik Aralarko San Migeleraino igo ziren. Ondoren, Baraibar eta Oderitz pasa eta Madotzeko portua jaitsiz, Altsasuko bidea hartu zuten. Aldiz, ibilbide motza hautatu zutenek ez zuten Aralarko portua igo. Uharte Arakilera iristerakoan aurrera egin zuten, Zuhatzuraino, han buelta hartu eta Altsasuko helmugara jotzeko.

Ibilbidean barna Guardetxen eta Ihabarren hornidura guneak antolatu zituen Barranka taldeak, eta baita Altsasuko Foru plazan ere. Bukaeran txirrindulariek Barranka taldeko kamiseta eta bertako produktuen lote ederra jaso zuten opari. Horretaz aparte, parte-hartzaileen artean 62 opari lote zozketatu ziren. Eta urtero moduan antolakuntzak bazkaltzera gonbidatu zituen txirrindulariak: paella goxoa, postrea eta kafea. Guztia behar bezala prestatzeko 70-80 pertsona aritu ziren lanean.



Felix Valcarce azkarrena San Migel Igoeran; Urtasun hirugarrena
Probari saltsa pixkat eman nahian, Uharte Arakildik San Migelerainoko igoera kronometratu egiten du Barranka Txirrindulari Taldeak. Aurten azkarrena aurreko urteko lehena izan zen, Felix Valcarce iruindarra (32:17). Lehen edizioan Carlos Palaciosek ezarritako errekorra (30:27) ez da gainditu. Lehen sakandarra Pablo Urtasun txirrindulari urdiaindarra izan zen, sailkapenean hirugarrena (33:12).

Sakana Burunda txirrindularitza martxa data ezberdinetan ospatu izan da: uztailean, ekainaren hasieran, maiatzean –tartean San Migel elurtuta zela–, aurreko urtean abuztuaren bukaeran eta aurten ekainaren bukaeran. Antolatzaileek data finkatu nahiko lukete, urtero antzeko datatan izateko, baina proba asko daudenez egutegia oso estu omen dago eta hortik data aldaketak.