"Bezeroek oinarrian betiko produktuak dituzte gogoko, baina etengabe berrikuntzak aurkeztea eskertzen dute"

Maider Betelu Ganboa 2015ko uzt. 3a, 09:35

Jon eta Gema Lakuntza
Altsasuko Sebastian harategiak 100 urte

1.Nork zabaldu zuen Altsasuko Sebastian harategia?
Sebastian gure birraitonak. Iturmenditik etorri eta harategia zabaldu zuen 1915ean.

2.Ondoren nork hartu zion txanda?
Birraitonari, gure aitona Rufinok, Jose bere anaiak eta gure amiña Josefinak hartu zioten txanda. Ondoren gure aiton amonei, gure ama Mari Carmenek eta gure osaba Sebastianek jarraitu zieten.

3.Aurten 100 urte bete ditu harategiak eta orain bilobek duzue haren ardura. Lan egiteko moduan asko aldatu da harategia 100 urte hauetan?
Bai, erabat. Hastapenetan harategiak erdi harategi eta erdi tratante izaera zeukan. Gure birraitonek eta gure aitonak era hartako negozioa zuten. Ondoren, ama eta osaba hestekiei eta etxeko beste produktuei garrantzi gehiago ematen hasi ziren. Eta gaur egun, guk prestatutako etxeko produktuen eskaintza zabala daukagu. Pentsa, postreak eta guzti egiten ditugu.

4.Harategiak toki berean egoten jarraitzen du?
Toki berean zehazki ez, baina bai plaza beraren inguruan. Hasierako harategiak Altsasuko plazara ematen zuen, ondoren eraikineko atzeko partera pasa zen eta azkenik amak eta osabak gaurko tokian egin zuten harategi berria, Otadia plazako 6. zenbakian, orain 28 urte.

5.Zeintzuk dira Sebastian harategiko berezitasunak edo produktu izarrak?
Egun eta azkeneko urteetan produktu izarrak guk ekoitzitako etxeko produktuak izan dira, horien artean txistorra, tripota eta tripakiak izarrak izan dira, baina azken urteotan hainbat eskalope eta hanburgesa mota produktu izarrak bihurtzen ari dira.

6.Urte luze hauetan saririk izan al duzue?
Bai makina bat. Batez ere txistorrarekin jaso ditugu asko, baina baita Laketen eginiko plater prestatuekin ere.

7.Bilobek harategiaren martxa hartu duzuenetik berrikuntzak sartu dituzue?
Bai asko. Batez ere zerbitzuan eta produktuen eskaintza zabalean. Egun bezeroek arreta handia behar dute. Horregatik produkzioa alde batean egiten dugu eta harategian produktu eskaintza handia eskaintzen eta bezeroari arreta handia ematen saiatzen gara. Lehen dena leku berean egiten genuen eta eskaintza murritzagoa zen.

8. Sebastian harategiaz arduratzeaz gain Laket artesanos enpresa jarri duzue martxan. Zein produktu eskaintzen ditu Laketek?
Laket-en makina bat produktu egiten ditugu: tripakiak, txistorra, tripota… baita plater prestatuak ere: ajoarrieroa, karrillerak, aldez aurretik prestatutako entsaladak… Orain postreak ere eskaintzen ditugu, gazta tarta adibidez.

9.Nolakoak dira bezeroak? Betiko produktuak kontsumitzeaz gain produktu berriak dastatzera animatzen dira?
Egungo bezeroek oinarrian betiko produktuak dituzte gogoko, baina, bestalde, etengabe berrikuntzak aurkeztea eskertzen dute eta horiei erantzuna ematea da gure helburua.

10.Harategiko 100 urteak modu berezian ospatuko dituzue?
Bai. Tarteka bezeroei eskaintzak, produktu berrien dastaketak eta opariak egingo dizkiegu aurtengo ekaina eta heldu den urteko ekaina bitartean. Adibidez, joan den astean San Pedrotarako enkarguak egin zizkiguten bezeroei, gazta tarta bat oparitu genien.

11. Zorionak eta urte askotarako!
Mila esker!