Emakumezkoen Altsasu futbol taldeak debutatu du

Guaixe 2015ko uzt. 2a, 13:00

2015-2016 denboraldian Nafarroako Emakumezkoen Ligako haur-kadete mailan ariko da

Aurten bai. Aurten helburua lortu da. Sociedad Deportiva Alsasuak emakumezkoen futbol taldea sortzea lortu du. Orain arte mutilekin batera aritzen ziren neskak, baina soilik kategoria jakin batera iritsi arte. Edo, bestela, beste herrietara jotzen zuten, Agurainera bereziki. Baina orain haur eta kadete mailako neskek badute Sakanan futbolean non aritu. Altsasu taldeak 2015-2016 denboraldian Nafarroako Emakumezkoen Ligako haur-kadete mailan parte hartuko du. Dagoeneko lehen hartu-emanak izan dituzte eta, horrela, ekainaren 13an debutatu zuen emakumezkoen Altsasu futbol taldeak, Dantzalekun, Lekunberriko Beti Kozkor taldearen kontra. 4-2 irabazi zuten sakandarrek, Irati Vicentek (3 gol) eta Amets Oteizak (gol bat) sartutako golei esker.

Taldea 12 neska sakandarrek osatzen dute: Altsasuko lauk, Lakuntzako hiruk, Etxarriko batek, Urdiaingo batek, Bakaikuko batek, Olaztiko batek eta Ziordiko batek. Osasunako jokalari ohia eta egun 2. mailako Mulier taldeko jokalaria den Ane Cantero eta Gorka Pascua izango dira entrenatzaileak, aldaketarik ezean. Izan ere, Sociedad Deportiva Alsasuan junta aldaketa egonen da eta beste aldaketarik ere etorriko ote diren ez dago argi.

Dena den, taldea oraindik ez dago itxita. Sakanako neskaren batek futbolean aritu nahi badu, Altsasun du aukera aparta. Horretarako Sociedad Deportiva Alsasuarekin harremanetan jartzearekin nahikoa da. Adinari dagokionez, 2.000 eta 2.005 urteen artean jaiotakoek dute taldean izena emateko aukera.

Emakumeen Altsasu Futbol Taldea
Jokalariak: Jone Apaolaza, Saioa Sayas, Nerea Arellano, Udane Vergara, Ainhoa Agirre, Amets Oteiza, Aroa Cerezo, Silvia Amores, Maider Granizo, Irati Igoa, Naroa Barriola eta Eider Vicente.
Entrenatzaileak: Ane Cantero (Osasunako jokalari ohia eta egun 2. Mailako Mulier taldeko jokalaria) eta Gorka Pascua.