Martinez epaiaren zain

Guaixe 2015ko uzt. 2a, 16:28
Altsasutik Donostiara hainbat altsasuar joan dira Martinezi elkartasuna azaltzera. Argazkia: AGA

Fiskaltzak agintearen kontrako atentatutik erresistentziara jaitsi du salaketa eta abokatuak absoluzioa eskatu du. Epaia hilabete honetan edo irailetik aurrera jakin daiteke, agorrilean epaitegia itxita baitago.

Duela bi urteko Donostiako herri harresian parte hartzeagatik Edurne Martinez Donostian epaitu dute gaur. Hari elkartasuna adierazteko autobus betea joan da Altsasutik. Epaiketa hasi aurretik altsasuarrek eta beste hainbatek ordu erdiko kontzentrazioa egin dute Donostiako auzitegiaren aurreko aldean, Muntai polizial gehiagorik ez, euskal gazteria aurrera! lelopean.

Kontzentrazioa despedituta auzitegira sartu dira. 10:40rako aurreikusia zegoen epaiketa eta 13:00ak aldera hasi eta 15:40ak aldera despeditu da. Altsasuarrak hasiera batean 15 hilabeteko espetxe zigor eskaera eta isuna eskaerari aurre egin behar zion, Ertzaintzak atxilotutakoan agintearen kontrako atentatua leporatu baitzion. Baina epaiketan fiskaltzak eskaera aldatu eta erresistentzia leporatu dio (10 hilabeteko espetxe zigorra eta isuna).

Defentsako abokatuak Martinezendako absoluzioa eskatu du. Defentsak bi lekuko aurkeztu behar zituen. Haietako batek ezin zuenez, epaiketan bertan beste lekuko bat aurkezten saiatu da, baina fiskala kontra agertu da eta ezin izan du epaiketan parte hartu. Defentsak, bestalde, Martinezen atxiloketa erakusten duen bideo bat aurkeztu du proba gisa. Hark eta lekukoaren adierazpenek agerian utzi dute ertzainaren deklarazioaren kontraesanak. Auzia epaiaren zain gelditu da.

Kontzentrazioa gaur
Epaiketa salatzeko Edurnerekin bat dinamikak udaletxe parean kontzentrazioa deitu du gaur, 19:00etan. Elkartasuna ez da delitua! Herria zurekin! lelopean Donostiako herri harresian atxilotu zituzten bi gazteen kontrako epaiketa “muntai polizial eta mendeku politikaren ondorio garbia” direla salatu nahi dute. “Edozein izan zitekeen atxilotua. Eta ondorengo herri harresietan ere akusazio berarekin beste hainbat atxilotu egon dira”. Dinamikak euskal gazteriaren “kriminalizazio” saioak salatuko dute.