Salazarren bi eskultura kendu dituzte

Guaixe 2015ko uzt. 8a, 19:46

Iruñeko Txantrea auzoko Munduko parkean zeuden bi eskulturak egoera penagarrian zeuden.

Hautsita, hondatuta eta lurrean botata. Hala zeuden Dora Salazarren Bestiario 1 eta 2 obrak Txantreako Munduko parkean. 1991n jarri zituzten eskulturak eta Salazarrek erakunde publiko batendako egindako lehenak izan ziren. Herritarrak arriskuaz gaztigatu zuten udala. Artista altsasuarra bera duela urte bat obrak zaharberritzeko bere burua eskaini zion Iruñeko Udalari baina ez zuen erantzunik jaso. Eskulturen mantenu faltarekin kexu azaldu da altsasuarra. Udal berritik adierazi dute Salazarrekin harremanetan jarriko direla gaiaz hizketatzeko.


Eskulturak
Iruñeko Eskultura Gidan (www.esculturas.pamplona.es) Francisco Javier Zubiaurrek Salazarren bi obra horien inguruko azalpenak ematen ditu. 1. Bestiarioa obraz dio: “artropodo erraldoi baten hanka moduko baten irudikapena da -narrasti batena ere izan litekeena-, askatuta dagoena, lurrean abandonatuta balego bezala˝. 2. Bestiarioaz, berriz, “enbor piramidala eta planta poligonal irregularra dituen egitura da, mate itxurako 90 xafla galbanizatuek osatua; egituraren trunkaduraren barnean beste egitura bat ageri da, alderantzizko forma piramidala duena, zortzi aurpegikoa eta alde aldaezinekoa”.

Zubiarrek azaltzen duenez, “piezak, osotasunean, animalien mundua gogorarazten ahal du, kontzeptualki, eta, aldi berean gorputzen morfologia sinbolizatu, non ahurtasuna eta ganbiltasuna estu loturik ageri baitira”. Adituak gaineratu duenez, “Dora Salazarrek ez du lurreko material birjinetara jotzen, baizik eta material arrunt eta pobreetara, bai eta gure gizarte kontsumistaren hondakinetara ere”. Eraginak ere aipatzen ditu: “Duchampen, Calderren, Pistolettoren, 80ko hamarkadako eskultura objektual britaniarraren eta, batez ere, Tinguelyren eraginak nabarmenak dira surrealismoaren eta dadaismoaren artean ibiltzen diren muntaietan, prozedura teknikoetan ez ezik muntai horiekin jorratzeko erabiltzen duen umore garratzean ere”.