Udalak bere barne egituraketa onartu du

Guaixe 2015ko uzt. 9a, 13:14

Aurreko ostegunean Altsasuko Udalak legegintzaldiko aurreneko bilkura egin zuen eta bere barne egitura zehaztu zuen. Aurretik, garilaren 25ean eta 30ean, Geroa Baiko ordezkariak beste alderdietakoekin bildu ziren eta han jasotako ekarpenekin zehaztu zen udal egitura. Hala, Tokiko Gobernu batzordean Pedro Jimenez Elvira (Geroa Bai), Arantza Bengoetxea Intxausti (EH Bildu), Juan Migel Perez Hurtado (PSN) eta Virginia Alonso Aparicio (Goazen Altsasu) izanen dira. UPNk alkatetzaren eskaintza atzera bota du. Geroa Baik onartu dutenen jarrera eskertu du. Bestalde, Geroa Baiko, EH Bilduko eta PSNko buruak izanen dituzte batzordeek. Goazen Altsasukoek lanean aritzeko prestutasuna azaldu zuten.

Batzordeak
Altsasuko Udalak 11 batzorde sortzea erabaki du. Ekonomia garapena, Merkataritza, Turismoa eta Enplegua eta Parte-hartze batzordeetako buru Javier Ollo Martinez (Geroa Bai) alkatea izanen da. Ogasun batzordearen ardura Unai Hualde Iglesiasek (Geroa Bai) hartuko du. Udal antolaketa eta giza baliabideen batzordeko arduraduna Manuel Bergera Ijurko (Geroa Bai) izanen da. Mari Carmen Otaegui Saez de Maturana (Geroa Bai) Nekazaritza, Abeltzaintza, Mendiak eta Ingurumen Batzordeaz arduratuko da. Pedro Jumenez Elvira (Geroa Bai) Kultura eta Jaien Batzordea kudeatuko du.

Bestalde, Osasun eta Gizarte Zerbitzuen lehendakaria Fco Javier Paz Miño (EH Bildu) izanen da. Haizea Ramirez de Alda Pozuetak (EH Bildu), aldiz, Euskara Batzordeko buru izanen da. Miren Arantza Bengoetxea Intxaustiren esku izanen da Emakumea eta Berdintasun batzordea. Juan Migel Perez Hurtado (PSN) Hirigintza Batzordeaz arduratuko da. Julia Cid Gonzalez (PSN) Gazteria eta Kirol batzordeko buru izanen da.

Udal bilkuretan Geroa Bairen bozeramailea Unai Hualde Iglesias izanen da. EH Bildurena Arantza Bengoetxea Intxausti. PSNko eleduna Juan Migel Perez Hurtado izanen da eta Goazen Altsasukoa, aldiz, Virginia Alonso Aparicio. Azkenik, UPNkoa Javier Lopez Patus izanen da.

Ordainsariak
Udalean erabateko dedikazioa izanen duen bakarra alkatea izanen da. Bere jardunagatik 21.000 euro gordin jasoko ditu (27.447 gizarte segurantzarekin). Alkatearen soldatak hurrengo urteetan igoera izanen du, baina taldeen artean adostuko da aurrerago. Udaleko gainontzeko kideek bileretara joateagatik dietak jasoko dituzte. Osoko bilkura, informazio batzorde eta bozeramaileen batzordean parte hartzeagatik 82,03 euro izanen dira (hilean 225,72 gehienez). Tokiko Gobernu Batzarreko bileretan izateagatik 39,37 euro (hilean 74,81 gehienez). Goazen Altsasu abstenitu egin zen eta gainontzekoek alde bozkatu zuten.

Bilkurak
Udalak hileko azken asteazkenean eginen ditu bilkurak, 20:00etan. Jai eguna bada, aurreko egunean eginen da.