San Pedron jarritako pankartak kentzea salatu dute

Guaixe 2015ko uzt. 9a, 14:09

San Pedro zelaiko hariztian festa egunerako Altsasuko hainbat kolektibok pankartak jarri zituzten. Altsasuko herri mugimendutik salatu dutenez, jarritako pankarta guztiak kendu egin zituzten. Adierazi dutenez, haien bidez euskara, internazionalismoa, gazteria, presoak edota sexu-erasoen inguruko aldarrikapenak zabaltzen ziren. Aldarrikapen “guztiz herrikoiak eta zilegiak” zirela azaldu dute.

Herri mugimenduko kideek agerraldia egin zuten ostiralean eta adierazi zuten “gertaera hauen atzean zehatz-mehatz nor dagoen ez jakin arren, guztiz argi daukagu indar errepresiboen esku-hartzea tartean egon dela. Argi gelditu da herri honetako aldarriak isilarazi nahi dituztela herri mugimenduaren aurka joz”. Agerraldian adierazi zutenez, “ez dugu gure jarduna geratuko eta kaleak aldarrikapenez betetzen jarraituko dugu, herri mugimendu bizi bat garelako eta bizi dugun errealitatea kalean islatzeko beharra ikusten dugulako”. Aldi berean, adierazpen askatasunaren alde agertu eta gertaerekiko ezadostasuna azaltzeko eskatu zioten.

Atxikimenduak
Ospa, Altsasuko Gazte Asanblada, Bilgune Feminista, Presoen aldeko mugimendua, Ernai, EHE, Sortu, Askapena, Edurnerekin bat herri dinamika eta Altsasu Memoria.