Udan dantzan trebatzen

Guaixe 2015ko uzt. 16a, 19:58

Altsasun 20 ikasle ari dira dantza campusean parte hartzen.

Irantzu Gonzalezek sustatutako Udara dantzan campusa martxan da igandeaz geroztik. 7 eta 16 urte arteko 20 neskek eman dute izena. Altsasuko, Olatzagutiako eta Ziordiko ikasleekin batera, Madrilgo bost ikasle daude dantza campusean trebatzen. Guztiak, hiru madrildar ezik, Gonzalezen ikasleak dira edo izan dira. Denak ere dantza bizi dute eta campusa hasteko “irrikitan” egon dira aurreko egunetan. Izan ere, aste batez hainbeste maite duten dantza izan da guztiaren ardatza.

Oinarria
Gonzalezek goiz guztia ematen du dantzari txikiekin. Argi utzi die ezinbestekoa dela “orduak sartzea norberaren gorputza ezagutzen”, malgutasuna landu eta dantzan aritzeko. Hala, dantza klasikoan oinarrituta, entrenamendu fisikoa, balleta, dantza garaikideko koreografiak, kokapena eszenatokian eta bestelakoak landu dituzte. Irakasle gonbidatuekin bestelako gaiak lantzen dituzte, esaterako: teoria (gorputzeko muskuluak, ligamenduak, luzamenduen zergatia), hip-hopa, dantzarako makillajea, dantzarako jantziak…

Campusa aurrera ateratzeko hiruko bat osatu dute Gonzalezek, Amaia Urrizak eta Maider Lazkozek. Azken bi horiek dantza ikasketez aparteko tailer eta jarduerak antolatu dituzte. Igerilekura edo Donostiara ere joanen dira. Bestalde, campusen ikasitakoa igande eguerdian gurasoendako propio prestatutako emanaldi batean erakutsiko dute.

Segida
Gonzalezek berak aitortu digunez, “zaila da mutilak dantzan sartzea”. Baina ez du etsitzen eta hurrengo urteko campusean du esperantza. “Halako eskaintza gutxi dago eta aurtengo esperientzia eta gero heldu den urtean jende gehiagorengana iristea espero dugu”, esan digu Gonzalezek. Berak, aldi berean, Altsasun dantza eskola zabaltzeko lanean “burugogor” segitzen du.