Akordeoi campusa bi astez

Guaixe 2015ko uzt. 19a, 12:25
Pasa den urtean Maya erlearen doinua prestatu zuten akordeoi campuseko ikasleek.

Hauspo Alai elkarteak antolatuta bihar abiatuko da akordeoi campusa. Aurreneko astean gaztetxoak ariko dira instrumentuarekin trebatzen eta bigarrenean helduak Alexey Artemyev irakaslearekin.

Joan den urtean estreinakoz antolatu zuen Hauspo Alai elkarteak akordeoi uda-ikastaroa. Maria Arizaletak esan digunez, esperientzia ona izan zen eta errepikatzea erabaki dute. Hala, Altsasuko Otadiako Kristo Deuna aterpea akordeoian trebatzeko gune bihurtuko dute hurrengo bi asteetan.

Uda-ikastaroetako lehen ikasleak igande iluntzerako Altsasun izanen dira. 8 eta 13 urte bitarteko 11 haur dira Murtzia, Bilbo eta Nafarroatik etorritakoak. Campusaren aurreneko astean haiek izanen dira akordeoia jotzen trebatuko direnak. Hauspo Alaiko Arizaleta eta Inma Canovas irakasleekin goizero 45 minutuko bakarkako klaseak izanen dituzte. Ondoren bakarka praktikatzeko tartea izanen dute eta goiza Leire Telletxea akordeoilari eta begiralearekin egindako jarduerekin osatuko dute.

Bazkaldu ondoren, ordu batez, talde guztiak elkarrekin piezaren bat prestatuko du. Eta mailaren arabera osatutako talde txikiagoetan ere ariko dira. Prestatutako pieza horiek campus akaberako emanaldian, heldu den ostiralean, aterpean bertan emanen duten kontzertuan eskainiko dituzte. Arratsalde guztietan aisialdi ekintzak izanen dituzte.

Bigarren astea
Alexey Artemyev irakasle errusiarrarekin akordeoia jotzen trebatuko dira Errusia, Murtzia, Bilbo, Tolosa eta Nafarroako ikasleak. Arizaletak esan digunez, “ikasle errusiarra hemen akordioarekin nola lan egiten den ikasi eta hango lan modua irakastera dator”. Hilaren 26tik 31ra ariko dira ikasle helduak.

Gazteen modura Artemyevekin bakarka klaseak izanen dituzte. Hark etxeko lanak jarriko dizkie eta haiek prestatzeko euren kabuz entseatzeko aukera izanen dute. Duten programa edo ikasturte berrian izanen duten programa prestatzeko baliatuko dituzte bakarkako klase horiek akordeoi ikasleek. Altsasuko egonaldia aisialdi jarduerekin eta igerilekura egindako irteerekin osatuko dute. Haiek ere, uda-ikastaroa despeditzeko kontzertua eskainiko dute.

Hauspo Alai
Akordeoiaren bi zaletuk osatu dute elkartea: Inma Canovasek eta Maria Arizaletak. Akordeoi ikasle eta irakasleak dira. Ikasturtean barna ikasitakoari udan segida emateko gabezia sumatu zutelako antolatu dute uda-ikastaroa. Eta beste irakasle batzuekin ikasteko aukera izateko. Aldi berean, campusak beste toki batzuetako akordeoilariak ezagutzeko aukera ere bada.