Altsasu Xtrem 2.0 abentura proba badator!

Guaixe 2015ko uzt. 30a, 13:13

Agorrilaren 15ean, 11:30etik aurrera, Altsasuko Gazte Asanbladak antolatuta

Altsasuko Gazte Asanbladak uda sasoian urtero antolatzen du ekitaldi berezi eta ikusgarriren bat: Gaztewood, Maragatoia, kirol ekitaldi bereziak… Aurreko urtean, estreinekoz, Altsasu Xtrem abentura proba antolatu zuten, eta arrakastatsua izan zenez, aurten bigarren edizioa prestatzea erabaki dute. Horrela, agorrilaren 15ean jokatuko da Altsasu Xtreme 2.0.  

Altsasu Xtremen altxorra bilatzera jokatuko dute parte hartzaileek, taldeka. Altxorra bilatzeko mota guztietako abentura probak gainditu beharko dituzte Altsasuko herri gunean eta basoetan. Indarra, trebetasuna, orientazioa, elkartasuna… hori guztia landu beharko dute probak gainditu ahal izateko. Horrela iritsiko baitira altxorrera edo sari potolora.

Aurreko urtean garilaren 19an jokatu zen Altsasu Xtreme. 13 pertsonaz osatutako 4 talde lehiatu ziren: Uberkazuloko loinak, Txunkaiko kunkunak, Sozarretako saguzarrak eta Baikolarko bareak. Egun guztian barna proba ezberdinak osatu behar izan zituzten: tetris erraldoia, fardo igoera, oztopo zirkuitua, geocatching proba, heliozko puxikak lehertzeko proba, karaoke proba eta herrian barna egin beharreko ibilbidea, zinema zaharrean ezkutatuta zegoen altxorrera eramango ziena. Txapeldunak Baikolarko bareak izan ziren. Gauean guztiak bildu ziren afaltzera eta egunean zehar grabatutako bideoen emanaldia eta egunaren balorazioa egin zuten.

 Altsasu Xtreme 2.0 agorrilaren 15ean jokatuko da. Goizeko 10:00etan taldeen egituraketa eta antolaketa egingo dute Foru Plazan, eta auzatea izanen da. Ondoren, 11:30ean hasiko da proba, egun guztian barna luzatuko dena. Gauean afaria egonen da eta irabazleek euren saria jasoko dute.

Izena emateko
16 urtetik gorako neska-mutikoek eman dezakete izena altsasuxtreme2.0@gmail.com e-postara mezua bidalita. Gastuei aurre egiteko, parte-hartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu aldez aurretik (hamaiketakoa, bazkaria eta afaria barne). “Altsasu Xtreme 2.0 indarrez dator! Azkar ibili eta lehenbailehen izena eman, leku gabe ez geratzeko, gehienez ere 60 parte-hartzaile onartuko direlako, 5 pertsonako 4 talde, hain zuzen ere. Animatu!” azaldu dute Altsasuko Gazte Asanbladako kideek.