Udalak garbiketa bertikaleko araudia onartu du

Atzoko bilkurako une bat.

Parte-hartze batzordean gaia aztertu bitartean udalak jarraitu bitarteko irizpideak izanen dira eta ez du ordenantza bat sortzea baztertzen.

Altsasuko Udalak herriko paretak garbi egoteko bost irizpide onartu zituen atzo. Hala, udal eraikinetan agertzen diren pintadak 60 egun baino lehen tapatuko ditu. Jabeek hala eskatuz gero, Altsasuko Udalak beste eraikinetan egindako pintaketak tapatu eginen ditu. Horrekin batera, udalak zortzi panel jarriko ditu herrian barna, haietan taldeek eta erakundeek euren jardueren berri ematen dituzten kartelak haietan jar ditzaten. Parte Hartze Batzordean erabakiko da panel horiek non jarri eta nola erabili.

Udalak onartutakoaren arabera, paneletatik kanpo jarritako kartelak aste baten buruan kenduko dira. Bestalde, eraikin pribatuetan egiten diren muralak egin aurretik baimenduak izan beharko dira eta etxejabeen komunitatearen baimena izan beharko dute. Bestela, jabegoak eskatzen badu tapatu eginen dira.

Geroa Baik proposatu zuen araudia gogoraraziz legez herrien garbiketa udal eskumena dela. Unai Hualde Iglesiasek esan zuenez, “gure herrian orain arte garbiketa bertikalean egindako lana hobetu daiteke eta, horregatik, azken asteetan herri garbiago eta zainduago bat izateko hainbat neurri hartu dira”. Haien balioa 3.600 eurotan zehaztu zuen. Neurri horiek Altsasuren kanpo irudia hobetu eta altsasuar askoren eskaerari erantzuten diotela nabarmendu zuen. Goazen Altsasuko Pedro Jose Arregi Mugikak onartutakoa udalak bere egitea eta bando eta bestelako jakinarazpenak jartzerakoan edonon ez jartzeko eskatu zuen. Baita pasa ondoren kentzeko ere.

EH Bilduk Geroa Bairi mozioa erretiratzea eta Parte Hartze Batzordean gaia lantzea proposatu zion. Alkatetzako taldeak, ordea, argudiatu zuen batzordean erabakia hartu bitartean udalak jarduteko irizpide batzuk behar zituela. Batzordea deituko dutela eta taldeak joatea espero zuela gaineratu zuen. EH Bildu ez beste indarrek araudiaren alde bozkatu zuten. Koalizioak ez zuen bozketan parte hartu.

Adierazpen askatasunaz
Herri Mugimenduaren mozio bat EH Bilduren bidez iritsi zen udal bilkurara. San Pedro festa dela eta herriko kolektiboek jarritako pankartak kendu zituztela eta adierazpen askatasuna beste behin urratua izan zela salatu zuten mugimenduek. Pankarta haietan zeuden aldarrikapenak “guztiz herrikoiak eta zilegiak” zirela nabarmendu zuten. Haien kontra joz errepresio indarrek Altsasuko aldarriak isilarazi nahi dituztela salatu zuten.

Horregatik, herri mugimendutik udalari gertatutakoaren salaketa egin eta gertaerekiko desadostasuna azaltzea eskatu zitzaion. Aldi berean, geratzen diren muralak eta pintadak ez ezabatzea eskatu zuen. EH Bilduk alde bozkatu zuen eta gainontzeko alderdiek kontra.

Geroa Baik garbiketaren inguruan aurkeztutako mozioarekin lotu zuen herri mugimenduen idatzia: “adierazpen askatasuna ez da mugagabea”. Herri garbia izateko altsasuarrek duten eskubidea eta hura garbi mantentzeko udalaren betebeharra azpimarratu zituzten. Horregatik, bere mozioan azaldu bezala gauzak arautzearen alde agertu zen Geroa Bai. Pedagogia eta hausnarketa eskatu zituen. Gainontzeko udal taldeek antzeko argudioak erabili zituzten ezezkoa emateko.

EH Bilduko eledun Arantza Bengoetxea Intxaustik gogoratu zuen San Pedron 24 ordurako jarri zirela pankartak eta gero kendu egiten direla. “Horrek garbiketarekin ez du zerikusirik”. Eta adierazpen askatasunaren alde egin zuen. Mural eta pintaketen tapatzearen inguruan EH Bildu ez dator bat, udalak ezin zuela erabaki zein zer den zilegi eta zer ez gaineratu zuen. Herrian eztabaida sustatu, pedagogia egin, adierazpiderako bideak eman eta gaia lan mahaian egotea eskatu zuen.

Kritiko azaldu zen pintada, mural eta pankartak zikinkeriarekin nahasten duen joerarekin. Herriaren garbiketak mutur asko dituen gaia zela azpimarratu zuen, haiek horren alde zeudela gaztigatuz. EH Bildukoak nabarmendu zuen aipatu kolektiboen mezuak hedabideetan ez dutela tokirik eta haiek zabaltzeko bitartekorik ez dutela. Pintaketak eta bestelakoak, “asko urgentziaz eginak”, ezarritako ordena salatzeko eta hausnarketak zabaltzeko eginak direla nabarmendu zuen. Herriaren kanpo irudiaren inguruan hedabideen jokabideak zeresana ere baduela adierazi zuen; “herrian arrakasta izan duten gertaeren berri ez eman eta beste batzuena ematen dutenean”.