Ansa finalera eta Bakaikoa, Ongay eta Gorriti lanera

Guaixe 2015ko abu. 31a, 11:33

46. Otadiko Kristo Deuna Torneoko lehen finalerdia jokatu zen asteburuan. Ansa altsasuarra finalerdirako sailkatu zen eta Lasa etxarriarra txapelketatik kanpo geratu zen. Larunbatean Bakaikoa etxarriarrak, Ongay satrustegiarrak eta Gorriti uhartearrak irailaren 11ko finalean egoteko ederki egin beharko dute lan

46. Otadiko Kristo Deuna Torneoa (1. finalerdiko emaitzak)
Eskolak: Reparaz-Irigoien 8 / Olabide-Ulayar 12
22 urtez azpikoak: Ansa-Otaduy 22 / Mitxelena-Martinez 21
Seniorrak: Yoldi-Lasa 14 / Arrieta-Imaz 22

46. Otadiko Kristo Deuna Txapelketa (2. finalerdia)
Larunbatean, 22:00etan, Burunda pilotalekuan
Eskolak: Pilota eskolen erakustaldi partida
22 urtez azpian: Bakaikoa-Martija / Laso-Olaizola
Seniorrak: Ongay-Linzoain / Azpiri-Gorriti

Altsasuko Sociedad Deportiva Alsasuak atzera ere Otadiko Kristo Deuna Torneoa antolatu du, afizionatu eta amateur mailako torneo ezaguna. Horretarako Altsasuko Udalaren, Nafarroako Pilota Federazioaren, Nafarroako Gobernuaren eta CajaNavarra fundazioaren laguntza izan du klubak, beste hainbat entitate eta enpresen babesarekin batera. Aurten txapelketako 46. edizioa jokatzen ari da. Lehenago txapelketa luzeagoa jokatzen bazen, azken urte hauetan bi finalerdi eta final handia jokatzen dira. Larunbatean lehen finalerdiak jokatu ziren, larunbat honetan bigarrenak jokatuko dira eta final handia, ohi denez, Altsasuko festetan jokatuko da, irailaren 11n zehazki, ostiralarekin, 22:30ean, Burunda pilotalekuan.

Txapelketa bi mailatan jokatzen ari da, 22 urtez azpikoan eta seniorrean. Jaialdia hasi baino lehen Pilotajauku pilota eskolako pilotari gazteen erakustaldia izan zen. Bertan, Reparazi eta Irigoieni 8-12 irabazi zieten Olabidek eta Ulayarrek. Ondoren hasi zen txapelketa. 22 urtez azpikoan Ansa altsasuarrak Otaduy bizkaitarrarekin osatu zuen bikoa, Mitxelena eta Martinez nafarren kontra aritzeko. Partida gogor eta lehiatua izan zen, bi bikoak parez pare aritu baitziren. 67 minutuko eta 403 pilotakadako partidan, bi bikoek 21era berdindu zuten eta, azkenean, Ansa eta Otaduy gailendu ziren, final handirako sailkatuz, tanto bakarreko aldearekin. Hortaz, final handian altsasuarrek euren bizilagun Ansa animatzeko aukera izango dute.  

Seniorretan Lasa etxarriarrarekin aritu zen Yoldi uhartearra eta bi nafarrek Arrieta eta Imaz gipuzkoarrak izan zituzten aurkari. Partidak iraun zituen 56 minututan 543 pilotakada jaurti zituzten. Partida lehiatuagoa espero zen, baina 12ra berdindu ondoren gipuzkoarrak aldea ateratzen hasi ziren eta bukaeran erraz gailendu ziren, 14-22. Arrietak 3 tanto egin zituen sakez eta partidako onenak izan ziren.

Bakaikoa, Ongay eta Gorriti lanera
Larunbatean bigarren finalerdia dago jokoan. Pilota eskolen erakustaldi partidarekin hasiko da jaialdia. 22 urtez azpikoan Bakaikoa etxarriarrak Martijarekin osatuko du bikoa, Laso eta Olaizola pilotarien kontra aritzeko. Kategoria honetako pilotari nafar ezagunetakoak dira laurak, sarritan aritu dira elkarrekin eta ikusiko dugu ea nor sailkatzen den finalerako. Bakaikoa etxarriarra izatea espero dugu. Bestalde, seniorretan Ongay satrustegiarraren eta Linzoainen kontra ariko dira Azpiri bizkaitarra eta Gorriti uhartearra. Satrustegiarrari eta uhartearrari zorte ona opa diegu: onena sailkatu dadila finalerako.