Alde hemendik aldarria kaleetan

Guaixe 2015ko abu. 31a, 12:19

Guardia Zibilarekin tirabirak eta tentsio uneak izan ziren prestatutako hiru karroza eramatera agertu zirenean.

“Errepresioak eta indar okupatzaileek bertan dirautenez” Ospa egunaren 5. edizioa egin zen larunbatean. Indar horiek alde egiteko eskaera Altsasun barna zabaldu zuen Ospa mugimenduak, “umore, festa eta aldarrikapena kutsu satiriko batekin nahastuz”. Hala, “porraka, atxiloketa, kontrol, identifikazio, muntai polizialen bidez estatu quoa inposatu nahi digutenen antzezlana” egin zen arratsaldeko kalejiran.

Hartarako hiru karroza prestatu zituzten. Batek hedabideak eta politikariak salatzen zituen. Beste bat armadaren tanke bat zen eta, azkenik, pertsonak hartzen zituzten Guardia Zibil eta Foruzain baten itxura zuten bi munstro zituen. Antolatzaileek, udaltzaingoaren bidez, Guardia Zibilak haiek hartzeko asmoa zutela jakin zuten.

Bazkaria etenda
Horren jakitun, antolatzaileak karrozak Zumalakarregi plazaren erdian jarri zituzten eta herri bazkariko mahaiak haien inguruan. Bazkaltzen zeudela, laurak aldera, makina bat Guardia Zibil agertu ziren plazan, karrozak eramateko. Tirabirak eta tentsio uneak izan ziren altsasuarren eta Guardia Zibilen artean. Azken horiek emandako borrakadengatik zenbait zauritu izan ziren. Azkenean, karrozak suntsituta, haietako batzuen zatiak eraman zituen Guardia Zibilak elkartutakoen kontrako oihuen artean. Uneoro helikoptero batek irudiak hartu zituen, eguerdian eta bezperan, goizean, egin bezala. Gobernu ordezkaritzatik jakinarazi zenez, Guardia Zibilaren esku-hartze horrekin “estatuko segurtasun indarren kontra egin nahi ziren irainak eragotzi ziren”.

Horren ondoren bazkaltzeko gogoa zuenak jaten segitu zuen. Arratsaldean alde hemendik aldarria herri guztira zabaldu zuten. Foru plazara iristerakoan tortura saio bat irudikatzen zuen karroza bati su eman zioten. Antolatzaileek agerian utzi zuten Altsasun “errepresioaren aurkako masa kritiko zabal eta indartsua” dagoela, “bere eskubide zibil eta askatasun politikoen alde borrokatzeari utzi ez diona”.

Deialdia
Nafarroako gobernu aldaketa dela eta Ospa mugimenduak horrek “polizia indarren (Foruzaingoa eta Udaltzaingoa) harira ekar ditzakeen aukerei begiratu” dio. “Segurtasun ereduaz eztabaida parte hartzaile bat emateko eta urteetan zehar gailenduriko eredu errepresiboak deuseztatzeko aukerak ikusten ditugu”. Horregatik, herritarrak errepresioaren kontrako batzarretan parte hartzera gonbidatu dituzte, “hauek izan daitezen benetako aldaketa sozial eta politiko baten motorra”.

Erlazionatuak

Hasi da Ospa eguna

Guaixe 2015 abu 29 Altsasu