Mazkiaran eta Mitxelena Europako Sega Txapelketan

Guaixe 2015ko abu. 31a, 12:49
Ainhoa Mazkiaran. Artxiboko irudia (Almitza elkartea).

Hego Tirolekoak eta Suitzakoak izan dira nagusi

Azpeitiko Loiolako paraje zoragarrietan jokatu da Europako Sega Txapelketa. Suitza, Austria, Alemania, Eslovenia, Hego Tirol eta Euskal Herriko selekzioak lehiatu dira, 92 segalari guztira, 61 gizonezko eta 31 emakumezko. Euskal Herriko selekzioan Ainhoa Mazkiaran altsasuarra eta Bixente Mitxelena lehiatu ziren. Zale ugari bildu ziren proba ikusgarria jarraitzera eta belardiak paregabeak izan ziren, aitzakiarik gabekoak.

Hego Tirolekoak eta suitzarrak izan ziren onenak. Gizonezkoetan 10 txanda jokatu ziren eta Hego Tiroleko Georg Spiessek irabazi zuen sailkapen orokorra, bere taldekide Klaus Lanziner eta Reto Fuchs suitzarraren aurretik. Emakumezkoetan bost txanda jokatu ziren eta Suitzako Margrit Fohn izan zen nagusi, bere taldekide Regula Frehner eta Austriako Margit Steinmannen aurretik. Aipatzekoa da Euskal Herriko selekziokoek ez zutela bere egunik ona izan. Inor ez zen podiumera iritsi. Emakumezkoetan Alaitz Imaz aurreneko hamar postuetan sartzea lortu zuen baina gizonezkoetan, aldiz, ez zen euskaldunik egon lehen 10 postuetan.