Enpresariek Isasia industrialderako argiteria publikoa eskatu dute

Guaixe 2015ko ira. 3a, 09:33

Dauden farolak lehenbailehen sarera lotzeko eskaera egin dute 20 enpresek.

Isasiako 20 enpresetako ordezkariek Altsasuko Udalari gutuna bidali diote industrialdean argiteria publikoa jartzeko eskatuz. Industrialdeak 20 urte bete ditu argiteria publikorik gabe, dauden farolak ez daudelako sarera lotuta. Isasiako enpresariek hainbatetan ohartarazi dute udala argiteria publikoaren faltaz. Gutunean gaztigatu dutenez, “gabezia horrek industrialdeko enpresen jardueran arazo larriak sorrarazten ditu, baita langileendako, hornitzaileendako eta bezeroendako arriskua ere”.

Beste enpresen moduan haiek ere zergak ordaintzen dituztela eta oinarrizko zerbitzu hori eurendako ere aldarrikatu dute. Oinarrizko behar hori konponduta Isasia industrialdera enpresak erakartzea errazagoa izanen dela ere gaztigatzen diote enpresariek udalari. Javier Ollo alkateak konponbidea bilatzeko prestutasuna azaldu du. Gaineratu duenez, Hirigintza Sailean industrialdearen egoera juridikoa aztertzen ari dira, kudeaketa pribatukoa baita. Alkateak enpresarien elkartearen ordezkarien ahotik eskaera hori eta beste batzuk jaso zituen duela hiru asteko bileran.