Udalak lanetarako 425.900 euro bideratuko ditu

Guaixe 2015ko ira. 3a, 11:42

Gaztegunean murala margotzen, Intxostiapuntan.

Altsasuko Udalak joan den urteko kontuak itxi eta gastu orokorretarako 1,7 milioi euroko diruzaintzako gerakina du. Ogasun Batzordean erabaki da dirutza horretatik 425.900 euro hainbat lanen egiteko bideratzea. Aurreikusitako lanak udaleko langileek eginen dituzte eta langileak ere kontratatuko dira. Bestalde, Udalak Toki Administrazio Departamentuko arduradunei bilera eskatuko die. Zumalakarregi plaza eta inguruko kaleen zoruak eta sareak berritzeko lanak aurrera eramateko finantziazioaz hitz egin nahi dute.

Bestetik diruzaintzaren gerakinaren beste zati bat epaietatik eratorritako diru konpromisoak ordaintzera bideratuko du udalak: 2006ko Lezaldeko urbanizazioagatik Coyserri 114.629 euro ordaintzeko agindu zuen epai batek, eta, bestetik, haur eskolako lanen eteteagatik Banco Popularri 85.471 euro ordaindu zaizkio.

Sei lan
Zelandi eskola. 37.500 euro. Eraikinaren itajurak konpondu, kanpo fatxadaren behe partea margotzea eta patioetan putzurik ez sortzeko drainadura hobetzea. Beste behar batzuei erantzuteko, udalak Hezkuntza Departamenduarekin bildu nahi du.

Hilerria. 63.000 euro. Fatxada nagusia eta ezkaratza margotzea, nitxoen inguruko zoruan asfaltoa zabaldu eta tresnen gelaren garbiketa.

Intxostiapunta plaza. 10.000 euro. Hegoaldean eta Erkuden kale aldean 35 metro hesi jartzea. Beste guztia zabalik geldituko litzateke.

Foru plaza. 48.000 euro. Urtzi taberna parean zorua oso kaltetuta dago eta putzu handiak sortzen dira. 150 m2-tan harlauzak jaso, oinarria jarri eta 10 cm-ko harlauza berriak jarriko dira, posible den heinean egungoak berrerabiliz.

Otadiko Santo Kristo plaza. 6.000 euro. Autoen pasabidean dauden galtzadarriak kendu eta 28 metro luzean eta 4 metroko zabaleran porlana zabaltzea. Aurreko urteetan egindako lanari segida emanen zaio horrela.

Kaleen zolatzea. 61.300 euro. Zirkulaziorako okerren dauden kaleetako zoruak konponduko dira: Gipuzkoa kalean 1.660 m2 (Erkuden eta JM Ezkurra kaleen artean); Ameztian 132 m2-ko zatia, San Pedrorako bidean instituturako eta ikastolarako bihurgunean 285 m2-ko zatia; Gurutze Saindua eta Zubeztia kaleen ondoren egiteko dagoen 108 m2-ko zatia.