Zentzugabekeriaren eta sen onaren artean dagoen komedia

Guaixe 2015ko ira. 4a, 12:00

Larunbatean, 20:00etan eta 22:30ean Altsasuko Iortia kultur gunean. Bi emanaldietarako sarrerak daude.

Gaua. Rafa agertokian. Berrogei urte bete ditu eta bere mundua hausten ari da. Nola egin dezake ihes berak eraiki duen eta itxuraz hain perfektua den bizitza horretatik? Emaztea, semea eta txalet atxikia lorategiarekin. Dena da zoragarria... ala ez? Bisita; gizartearen gezurrean ezin hobeto integratuta dauden bizilagun zentzugabeak. Bestetik, emazteak behin eta berriro errepikatuko dio bere obligazioak bete behar dituela.

Lanak euren bizitzaz hausnartzen hasiko dira, zati onak, ez hain onak eta txarrak mahai gainean jarriz. Amestutako bizitza ez izan arren, egokitu zaiena hain txarra ez dela ohartuko dira azkenean. Eta hori guztia, umorea ardatz dutela. Willy Russelek idatzi du Al final de la carretera komedia, mundu guztian eman izan dena. Gabriel Olivaresek zuzenduta, Angeles Martin, Marina San Jose, Manu Baqueiro eta Raul Peña dira komedia ezin dibertigarriago eta garratzago horretan agertzen diren aurpegi ezagunak.