Iñigo Zabalo altsasuarra Planasa Navarran

Guaixe 2015ko ira. 4a, 11:18

Planasa Navarrako jokalariak. Iñigo beheko ilaran dago, eskuinetik hasita lehenengoa da.

Planasa Navarrak lagunarteko partida jokatuko du irailaren 8an Altsasun, Iraurgi SB taldearen kontra

Iñigo Zabalo saskibaloi jokalari altsasuar gaztea Planasa Navarra taldearekin ariko da 2015-2016 denboraldian. Taldearekin bere bigarren denboraldiari ekinen dio. Altsasuarrak 19 urte ditu eta 1,85 metroko altuera du. Base postuan jokatzen du. Zabalo Altsasuko Saskibaloi Taldean trebatu zen eta gero Zizurko Ardoi taldean ibili zen. Aurreko urtean Planasa Navarra taldearekin harremana izan zuen, eta denboraldi honetan taldean ariko da hasieratik, ADECCO Oro mailan, estatuko saskibaloiko bigarren mailan. Altsasuarra ilusioz beteta dago, eta nahiz eta jokatzeko aukerak garesti egon, ahalik eta lan gogorrena egiteko asmoa du altsasuarrak, ikasi eta kantxan tokia egiteko.

Planasa Navarra dagoeneko entrenatzen ari da. 11 jokalari daude plantilan: Iñigo Zabalo, Quique Garrido, Miki Servera, Guille Justo, Joaquín Bonhome, Iñaki Narros, Sergio Rodríguez, Iván García, Serge Konan, Óliver Arteaga eta Maodo Nguirane. Aurre denboraldian Pablo Lopez eta Iñigo Zabalegi gazteak arituko dira talde nagusikoekin batera. Guztiak Sergio Lamúa entrenatzailearen esanetara ariko dira. “Oso kontentu gaude, 11 jokalariek talde sendoa osatzen dutelako. Aurreko urteko 5 jokalarik jarraituko dute eta taldeak oinarri sendoa du. Horrela, berriek taldearen dinamikan sartzea errazagoa izango dute”. Taldearen helburua play-offetara sailkatzea da, aurreko denboraldian lortu zutena. “Badakigu garesti dagoela, soilik 9 talderendako tokia baitago play-offetan. Baina borrokatuko dugu” gaineratu du entrenatzaileak.

Aurre denboraldian 6 partida jokatuko ditu Planasa Navarrak, tartean ACB mailako Laboral Kutxa Baskoniaren kontra. Lagunarteko partida horietako bat Altsasura helduko da hurrengo asteartean, hilak 8. Hain zuzen ere, LEB Plata mailako Iraurgi SB taldearen kontra ariko dira Planasa Navarrakoak, Zelandi kiroldegian.

Liga urriaren 4an hasiko du Planasa Navarrak. Lehendabiziko partidan Palma Air Europa izanen dute aurkari.

Aurre denboraldiko partidak
Irailak 6: Laboral Kutxa Baskonia – Planasa Navarra (Buesa Arena, 18:30ean)
Irailak 8: Planasa Navarra – Iraurgi SB (Altsasun, 19:30ean)
Irailak 16: Actel Força Lleida – Planasa Navarra (Zaragozan, 19:30ean)
Irailak 18: Planasa Navarra – Peñas Huesca (Anaitasunan, 20:30ean)
Irailak 22: Cocinas.com – Planasa Navarra (Lizarran, 20:00etan)
Irailak 25: Saenz Horeca Araberri – Planasa Navarra (Erriberrin, 20:00etan)