Suteak Txirinbulo haur eskolan kalte handiak eragin ditu

Guaixe 2015ko ira. 4a, 08:24

SOS Nafarroak 19:55ean jaso zuen sutearen abisua. Ez da zauriturik egon. Egoera konpontzen den bitartean Txirinbuloko klaseak ludotekan eskainiko dira

Sute batek kalte oso larriak sortu ditu Zelandi ikastetxearen ondoan dagoen Txirinbulo haur eskolan. Jakina denez, aurrefabrikatutako moduluek osatzen dute Txirinbulo haur eskola. SOS Nafarroak 19:55ean jaso zuen sutearen berria eta berehala Altsasuko Suhiltzaile Parkeko suhiltzaileak gerturatu ziren sua itzaltzera. Nafarroako Suhiltzaileen Cordovillako Parke Nagusiko suhiltzaileen laguntza izan zuten. Horretaz gain, Aguraingo parkeko laguntza eskatu zuten ere, baina azkenean ez zen beharrezkoa izan. Zorionez, ez zen inor zauritu eta prebentzio moduan bertaratu zen anbulantzia ez zen erabili behar izan.

Sua aurrefabrikatutako moduluetan hasi zen eta berehala hedatu zen, materialen ezaugarriengatik. Sugarrek Zelandiko ondoko eraikin bateko leihoetan ere eragina izan zuten eta pertsiana batek ere su hartu zuen. Suhiltzaileek 22:00etarako kontrolatu zuten sutea eta ondoren hondakinak kentzeko lanei ekin zieten. Txirinbulo haur eskolako aurrefabrikatutako moduluak oso kaltetuta daude eta gunea prezintatu egin dute, Foruzainen Polizia Zientifikoak gertatutakoa ikertu dezan. Izan ere, oraindik ez dakite zergatik eta nola piztu zen sua.


Suteak Altsasuko bizilagunen jarduna goitik behera aztoratu zuen. Jende ugari gerturatu zen sutea ikustera. Berehala hedatu ziren argazkiak eta bideoak, sare sozialen bidez.

Txirinbulo haur eskola ludotekara
Javier Ollo alkatea buru zela, udaleko talde guztietako ordezkariak gerturatu ziren Zelandira. Sutearen arrazoiak argitu eta arazoa konpontzen den bitartean Lavadero eraikinean dagoen Altsasuko ludotekan eskainiko du zerbitzua Txirinbulo haur eskolak. Hain zuzen ere 46 haurrek atzo hasi zuten 2015-2016 ikasturtea Txirinbulo haur eskolan.