Alkatetzako taldea pozik alderdien inplikazioarekin

Guaixe 2015ko ira. 9a, 09:59

Geroa Baiko Manuel Bergera, Javi Ollo eta Pedro Jimenez.

Domekan hiru hilabete, ia 100 egun, beteko dira udalak osatu zirenetik. Hori dela eta, Altsasuko Geroa Baik legegintzaldi hasieraren balorazioa egin nahi izan du.

Javier Ollo Martinez alkateak udalean ordezkaritza duten alderdi guztien inplikazioa eta udal ardurak hartu izana eskertzen hasi zuen balorazioa. “Positiboa da parte hartze hori eta alkatetzaren taldeari egunerokotasuna pixka bat errazagoa egiten dio”. Sartu berritan Geroa Baik heldu dion gaietako bat Altsasuren garbiketa bertikala izan da. Udalaren zeregina dela gogorarazi eta hainbat pintaketa dagoeneko borratu dituztela gogorarazi zuen Ollok. Adostutakoaren arabera, eraikin publikoetakoak 60 egunen aurretik kentzen dituzte eta eraikin pribatuetakoek jabeen eskaerak jaso ahala. Dagoeneko bospasei eskaera jaso dituzte udaletxean. Alkateak aurreratu zuen festen ondoren parte hartze batzordea elkartu eta zortzi informazio panel non jarri erabakiko dela.

Joan den urteko diruzaintzako gerakina zein inbertsioetara bideratu zehaztu du udalak ere. Lan horiek guztiak urtea despeditu aurretik eginak behar dute. Alkateak alderdien artean lortutako adostasuna goraipatu zuen. Ollok jakinarazi zuenez, festak bukatu eta hurrengo egunean, Foru plazako zorua konpontzeko lanak hasiko dira.

Bestetik, memoria historikoaren arloan udaleko taldeen adostasun zabala ere nabarmendu zuen. Gogora ekarri zuen Nafarroako Gobernuari legea bete eta Otsoportillon dauden bost altsasuarren gorpuzkiak atera, identifikatu eta haiek berriro lezean sartzeko gastuak ordain ditzala. Bide batez, saroiko lezeko bederatzi hezurduren identifikazioagatik Aranzadi zientzia elkarteari 1.500 euro ordaintzeko agindua emana duela jakinarazi zuen alkateak.

Sutea
Txirinbulo haur eskolako suteak Navarro Villoslada eraikinean gelditutako lanak berriro hartzeko ahalegina bihurtu dela jakinarazi zuen Ollok. Bihar eguerdian hezkuntza kontseilariarekin horretaz hitz egiteko bilera duela ere aurreratu zuen. Bide batez, haur eskolak jasotako elkartasun guztiaren isla txupinazoan, balkoi batean jarritako pankarta baten bidez azalduko dela jakinarazi zuen.


Festak
Lau urtero gertatzen den moduan, udal berriak festen gaiari nahi bezala heltzeko aukerarik ez duela izan aurreratu du alkateak. Aurreko urteetako dinamikari segi eta festen batzordean onartutakoa egitaraura eraman dela azaldu zuen. Salbuespena ostiralerako iragarriak dauden elkartasun brindisa eta bazkaria. “Eginen dira, baina ez dira egitarauan agertuko”. Alkateak azaldu zuenez, udaleko talde gehienek ez zuten ekitaldi horiek egitarauan sartzea egoki ikusi. “Horrela, beste herri batzuetan, Burlatan esaterako, izandako salaketak eragozten dira. Epaia dena delakoa izanda ere, udalak ordaindu beharko lukeen epaiketa eragozten da”.

Alkateak zehaztu zuenez, festen egitarauan udalbatzaren 14ko irteera jasotzen da. “Ez da zehazten udalbatza Otadiko Kristo Deuna ermitara doala aurreko legegintzaldian erabaki zelako zuzeneko edo zeharkako erlijio aipamenik ez zela eginen”.

Bestalde, alkateak aurreratu zuen udalaren gehiengoa Foru plazan jartzen diren txoznak beste nonbait kokatzearen alde dagoela. “Ez debekatzea, beste toki batean jartzea baizik. Aurten betiko tokian mantenduko dira, baina heldu den urterako udalbatzan eta txoznak jartzen dituzten kolektiboekin kokapena aztertuko dugu”.