1.- Zein da gaur egun Altsasuko Erraldoien Konpartsak bizi duen egoera?
Duela 4 urte berriz ere erraldoiak kalera ateratzeari ekin genion. Garai hartan 11 pertsona ginen, irteerak behar bezala egiteko aukera ematen dizun kopuru bat dena. Egun, aitzitik, egoera oso bestelakoa da: irteera guztietan ateratzeko konpromisoa soilik lau pertsonak daukagu. Kopuru hori ez da nahikoa, erraldoi bakoitzeko pertsona bat izanda irteerak aurrera nekez atera baitaitezke. Gauzak behar bezala egiteko gutxienez bi pertsona behar dira erraldoi bakoitzeko, beraz, une honetan dugun egoera jasangaitza dela esan daiteke.
2.- Hortaz, lau urtetan konpartsaren egoera goitik behera aldatu da. Zein arrazoi daude kide kopuruaren jaitsiera horren atzean?
Erraldoien irteerak berreskuratzean, Peñekin konprometitutako hainbat pertsona sartu ziren konpartsan. Gure intentzioa irteerak egiten hasi ahala pertsona hauei erreleboa ematea zen, baina azkenean ez zen hala gertatu. Orduan, jendea pixkanaka ateratzen joan zen.
3.- Esan duzun bezala, orain pertsona bakarra zaudete erraldoi bakoitzeko. Horrek zertan eragiten du?
Erraldoi bakoitzeko pertsona bakarra egoteak hainbat arlotan eragiten du. Alde batetik, lau kideetako batek arazoren bat badauka irteera baten egunean, ezin ditugu lau erraldoiak atera, eta, ondorioz, dantzak ez dira berdin ateratzen. Bestetik, segurtasun aldetik ere eragin ezkorra dauka. Erraldoiaren barruan doan pertsonaren ondoan beste bat egotea gomendatzen da, inguruan izan ditzakeen oztopoez (batxeak, seinaleak…) ohartarazteko eta erorketa bat ematen bada berehala laguntzeko.
4.- Kideen aldetik konpromiso handia eskatzen du erraldoi bat kontrolatzen ikasi eta ondoren kalera ateratzeak?
Urtean lau irteera egiten ditugu, eta bakoitza bi ordu ingurukoa izaten da. Eta, entseguei dagokienez, soilik irteeren aurreko azken bi asteetan elkartzen gara, eta aste bakoitzean bi saio egiten ditugu. Beraz, ez du konpromisorik apenas eskatzen.
5.- Baina erraldoia maneiatzen ikastea ez da lan samurra izango…
Ez pentsa! Ez du ez aparteko indar ezta aparteko abileziarik eskatzen. Ordu batzuk sartu, erraldoia orekatzen ikasi, eta listo. Hasiberri bat bizpahiru egunetan gai izan daiteke pare bat dantza egiteko.
6.- Sakanako beste herri batzuetan, Irurtzunen esaterako, erraldoien konpartsek bizirik eta osasuntsu diraute. Zein desberdintasun dago herri horien eta Altsasuren artean?
Egia esan, ez dakigu zein alde dagoen herri batetik bestera. Olaztin bertan ere betidanik egon da erraldoien konpartsa, eta ez dute sekula hemen dugun arazorik izan. Hemen arazoa jendearen konpromiso faltan dagoela uste dut. Agian hor egonen da gakoa.
7.- Zer galduko luke Altsasuko herriak berriz ere erraldoien konpartsa desagertuko balitz?
Galdera hori umeen gurasoei egin beharko litzaieke. Azken batean, erraldoien irteerak gehienbat umeei zuzenduta egiten dira. Urtean egiten ditugun lau dantzaldiak desagertuko balira, umeek ez lukete aukerarik izango haientzat oso gustagarria den ekintza batez gozatzeko. Gainera, esan beharra dago erraldoiek karrikak asko animatzen dituztela festetako goizetan. Konpartsa desagertzen bada, herriak hori ere galdu egingo luke.
8.- Zer egin duzue egoera konpontzen saiatzeko?
Erraldoien konpartsa berrabiaraztea Peñen ekimen bat izan zenez, orain bi kolektiboek batera dihardugu konponbide bat bilatzen. Gauzak horrela, Peñak ikastetxeetako gurasoen elkarteekin harremanetan jarri ziren, baina ez genuen erantzunik jaso. Ondoren, bi irteeratan panfletoak banatu genituen, konpartsan jendea falta zela azalduz. Eta, azkenik, egoera jasanezina zela ikusita, Festa Batzordearekin eta Udalarekin berarekin harremanetan jartzea erabaki genuen. Horrela, Udalak, Festetako programarekin batera, gure ohar bat argitaratu zuen.
9.- Eta zein da jaso duzuen erantzuna?
Momentuz lau pertsona interesatu dira, jada festa hauetan parte hartuko dutenak. Festen ostean kide gehiago lortzea espero dugu.
10.- Hortaz, aurtengo festetan erraldoiak ateratzea posible izanen da.
Bai, nahiz eta kopuruz justu samar ibiliko garen. Zazpi edo zortzi lagunekin irteerak nahiko ongi egin daitezke, baina horietakoren bat ezin bada irten, arazoak izan ditzakegu. Halakorik gertatzen ez bada, txukun arituko garela uste dugu.
11.- Eta festen ondoren zer?
Zortzi bat kide izaten jarraitzen badugu, aurrera. Bestela, erraldoi bakoitzeko gutxienez bi pertsona ez baditugu, irteerak egiteari utziko diogu. Jendeak txantxetan ez gabiltzala ikus dezan Altsasuko herria urtebetez erraldoirik gabe gelditu behar bada, hala egingo dugu.