Haur eskolak Intxostiapuntan segiko du

Guaixe 2015ko ira. 10a, 09:13

Gazte-txokoko egokitzapen lanak egin bitartean, hilabetez, Txantxari ludotekan eginen dute egokitzapen-aldia 43 umeek. Moduluak suntsitu zituen suteari emandako erantzuna da guztia.

Altsasuko Udaleko ongizate batzordeak ostegunean bilera zuen. Txirinbulo haur eskolarendako behin betiko egoitza lortzeko nahia mahai gaineratu zen. Zinegotziak bileratik atera eta keak eta usainak gaztigatuta, 0-3 haur eskolarantz jo zuten. Hura hartzen zuten moduluak garretan ziren. Jakin-minak erakarritako altsasuar mordoarekin batera, udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako zinegotziek azpiegitura publikoa suak nola txikitzen zuen ikusi zuten.

Modulu haien ordezkoa izanen da Intxostiapunta gazte gunearen beheko solairua. Han bost gela egokituko dira. Patioaz aparte, mojen gimnasioa zena ere patio estali gisa erabiltzeko aukera izanen du haur eskolak. Hala ere, ikasturte honetarako konponbide horrek behin betiko haur eskola publiko bat izateko Altsasuko Udalaren nahia ez du hoztu. Horregatik, Javier Ollo Martinez alkatea Jose Luis Mendoza hezkuntza kontseilariarekin bilduko da gaur.

Erabakiak gazteria zerbitzuan izanen du eragina. Horiek ahal diren neurrian gutxitzeko Gazteria Batzordeko buruarekin eta Gazteria Saileko teknikariekin biltzea aurreikusia du alkateak. Haien aldeko jarrera eskertu du Ollok.

Moduluak
Zelandi eskola publikoko orubean 2009az geroztik zegoen Txirinbulo haur eskola. Behin-behineko moduluetan zeuden. Navarro Villoslada ikastetxe izandakoan behin betiko egoitza egokitu bitarteko konponbidea zen. Lanak 2010eko martxoan eten ziren Eycons eraikuntza enpresa konkurtso legean sartu ondoren. 2011n lanei berrekin zieten baina murrizketekin eten egin ziren. Lanen laurdena egina dago. Bitartean, udalak kaltetutako moduluak eraitsi eta kenduko ditu.


Gertaeren kronologia
Osteguna 3. Goizean ikasturtea hasi zuten 43 umek. Sutea 19:55 aldera piztu zen. Altsasuko eta Iruñeko suhiltzaileek sua 22:00etarako kontrolpean zuten. Materialaren %25 berreskuratu zen.

Ostirala 4. Udala eta haur eskolako hezitzaileak kokapen berriak aztertu zituzten. Intxostiapunta bisitatu zuten. Arbizuko Kattuka eta Altsasuko Txioka haur eskolek euren burua eskaini zuen. Hezkuntza Departamentuko teknikariek Zelandi eskola bisitatu zuten.  

Asteburua. Lapurreta egin zuten.

Astelehena 7. Hezkuntza Departamentuko azpiegitura atalak Intxostiapuntako kokapenari oniritzia eman zion. Komunak egokitu eta pareta bat bota beharko da.

Asteartea 8. Ataungo haurtzaindegia berritu ondoren erabiltzen ez eta egoera onean dagoen materiala jaso zen.

Asteazkena 9. Kangu ludotekak hartu ditu 43 haurrak. Adaptazio aldia han hilabetez eginen dute, Intxostiapuntako lanak despeditu bitartean. Lanak udaleko brigadak eginen ditu.

Osteguna 10. Alkatea eta hezkuntza kontseilariaren arteko bilera.