Udalaren 13 jardueretan izena emateko epea zabalik

Guaixe 2015ko ira. 11a, 13:40
Eho-ziriekin lanean.

Kultura, Berdintasun, Gazteria eta Ludoteka zerbitzuetan hilaren 23ra arte eman daiteke izena. 25ean behin behineko zerrendak argitaratuko dira.

Altsasuko Udalaren lau zerbitzuek antolatutako jarduerak lastailaren 5ean hasiko dira. Emakumearen Bilguneak joste lana, lentzeria, zeramika, etxeko konponketak eta eho-ziriak ikastaroak antolatu ditu. Joan zen urtean 82 emakumek parte hartu zuten. Iortiako antzerki tailerra apirila bitartean izanen da martxan; aurreko kurtsoan 9 kide izan zituen. Ludotekak, bestalde, astegun guztietan zabalduko ditu ateak. Egunero, astean behin edo astean bitan joateko aukera eskaintzen du zerbitzuak. Joan den ikasturtean 122 erabiltzaile izan zituen, 69 mutiko eta 53 neskato.

Gazteria Zerbitzuak honako eskaintza egin du: lanbidea garatzeko baliabideak, antzerki musikala, argazkiak eszenaratzea eta ukituak ematea, lore bitxiak, 10 ordu sexuaz, aisialdiko begiraleak eta batukada. Aurreko edizioan 68 neska eta 19 mutilek parte hartu zuten. Azkenik, liburutegitik hizketaldi literarioak antolatzen segituko dute.

Kirola
Kirol eskoletan jarduera zabala dago. Aurreko ikasturtean 607 gazte aritu ziren haietan (406 mutil eta 201 neska). Zelandi kiroldegian antolatutako jardueretan, bestalde, iaz 400 pertsona baino gehiago urarekin lotutako jardueretan aritu ziren eta 350 lehorrekoetan. Zelandiko eskaintza hilaren 21ean hasiko da.