Altsasuarrak “zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipoen aurrean duten jarreraz hausnartzera” gonbidatzeko, Altsasuko Udalak bat egin du Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuaren eta Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen aniztasunaren aldeko kanpainarekin. Pankartaz aparte, txupinazoa piztu duten Koxka areto futboleko kideek kanpainaren mezua duten kamixetak jantzi dituzte. Irudia festetako programan ere sartu da.
Immigrazio Zerbirtzuko Bego Zestau Baraibarrek “bizikidetza baikor baterako aldaketak egiteko aukera” norberaren baitan bilatzeko gonbitea egin du. Noizbait etorkin bihur gaitezkeela eta harrera gizartearen zein tratu nahi genukeen hausnartzeko gonbitea egin du. Etorkizuna modu baikorrean kudeatzeko harrera gizarteak eta etorkinak egitekoa dutela eta horretan kanpainako leloa gakoa dela adierazi du.
Kamixetak salgai
Maite dut aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza leloa du Immigrazio Zerbitzuak martxan jarritako kanpaina eta hura duten kamixetak 5 eurotan daude salgai.