Ezkurdiak eta Zubietak bikoa osatuko dute Altsasun

Guaixe 2015ko ira. 12a, 12:01

Irujo eta Merino II.a izango dituzte aurkari igandean 17:00etan Burundan Aspek antolatu duen jaialdian (ETB1)

Goi mailako pilotak ez du huts egingo Altsasuko festetan. Aspek jaialdi bikaina antolatu du iganderako Burunda pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Burundara gerturatu ezin dutenek jaialdia ETB1-eko kamerei esker telebistan jarraitu ahalko dute zuzenean.

Hasierako partidan Retegi Bik eta Merinok Aritz Lasa eta Cecilio izanen dituzte aurkari. Ondoren iritsiko da emozioa, Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta Aitor Zubieta etxarriarrak bikotea osatuko baitute. Sakandarrek Irujo eta Merino II.a izanen dituzte aurkari. Aurtengo Andra Mari Zuria Torneoan txapeldunak izan ziren Ezkurdiak eta Zubietak atzera ere bikoa osatuko dute irailaren 20an hasiko den Logroñoko San Mateo Torneoan. Hortaz, txapelketa prestatzeko bikain etorriko zaie igandeko Altsasuko lehia. Gainera, etxean jokatzen dutenez, sakandarrei garaipena eskaini nahiko diete. Baina Irujo arerio gogorra da eta egungo atzelari sendoenetako bat den David Merinoren laguntzarekin, gauzak oso zail jarriko dizkie sakandarrei. Puntako pilotariak ikusteko parada izango da, hortaz, igandean Altsasun.

Sarrerak erosteko
Erreserbak 661 259 009 telefonoan (Olaia). Bestela egunean bertan, Burundako txarteldegian.