Altsasu Txirrindularitza Probak 86 urte

Guaixe 2015ko ira. 14a, 15:10
Aurreko urteko lasterketako podiuma.

Asteartean 10:00etan jokatuko da Sociedad Deportiva Alsasua elkarteak antolatutako proba, amateur mailako zaharrenetakoa

Altsasuko festen azken egunean, asteartean, 86. Altsasu Txirrindularitza Proba antolatuko du Sociedad Deportiva Alsasua (SDA) elkarteak, Altsasuko Udalaren eta beste hainbat entitateen laguntzarekin. 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulari afizionatuak bilduko dituen proba hau Euskaldun Torneorako baliagarria den azken proba izango da. Afizionatuen egutegian proba beteranoenetako bat da Altsasukoa, 86. edizioa baita jokatuko dena. Goizeko 10:00etan hartuko du irteera afizionatuen mailako puntako txirrindulariak bilduko dituen probak.

Altamira hirutan eta Lizarraga bitan
Altsasuko probak ohiko ibilbideari eutsiko dio. Txirrindulariek 121 km dituzte aurrez aurre. Altsasutik aterata, Zegamako bidegurutzeraino joko dute lehenik eta behin, handik buelta hartu eta Altsasutik Altamira portua igotzeko. Altamira jaitsita Etxarri Aranatzeraino joko dute txirrindulariek, Lizarragako portua igo eta Arbizutik jaitsita, atzera ere Altsasuraino heldu eta Altamiraraino jotzeko. Berriro ere Etxarri Aranatzeraino hurbilduko dira txirrindulariak, bigarrenez Lizarraga igotzeko, eta atzera ere Altamiraraino gerturatuko dira, aipatu portua hirugarrenez igotzeko. Ondoren, Altsasura joko dute eta helmuga Sociedad Deportiva Alsasuaren egoitzaren parean egonen da, Altzania kalean.