Sakandarrak txapelik gabe

Guaixe 2015ko ira. 14a, 11:20

Finalista guztiak, sari ematean parte hartu zuten ordezkari guztiekin batera. Argazkia: Sociedad Deportiva Alsasua.

46. Otadiko Kristo Deuna Txapelketako finaletan Ansa (22 urtez azpian) eta Ongay (seniorretan) saririk gabe geratu ziren

46. Otadiko Kristo Deuna Txapelketa. Finalak
Ostiralean, 22:30ean Burunda pilotalekuan
Erakustaldia: Goikoetxea (Arbizu) 18 / Olaetxea (Arbizu) 8
22 urtez azpikoak: Laso-Olaizola  22 / Ansa-Otaduy 13
Eliteak: Arrieta-Imaz 22 / Ongay-Linzoain 7

Sociedad Deportiva Alsasua elkarteak antolatutako 46. Otadiko Kristo Deuna Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren Altsasuko festetako lehen egunean, ostiralean. Arbizu klubeko gazte mailako bi pilotarik eskainitako lagun arteko partidarekin abiatu zen jaialdia. Goikoetxea 18 eta 8 gailendu zen Olaetxearen aurrean.

Segidan 22 urtez azpiko finalaren txanda izan zen. Ansa altsasuarrak Otaduyrekin osatu zuen bikoa, Lasoren eta Olaizolaren kontra jokatzeko. Burundako pilotazaleen babesa izan zuen Ansak, baina, tamalez, ez zen nahikoa izan. Hasieran bi bikoteak parez pare aritu ziren eta seira berdindu zuten. Baina hortik aurrera Lasok eta Olaizolak distantzia hartu zuten, sakez 5 tanto egin baitzituzten ia jarraian. Ansak eta Otaduyk ez zuten partida galdutzat eman eta jokaldi politak eskaini zituzten, baina, azkenean, 22 eta 13 irabazi zieten Lasok eta Olaizolak Ansari eta Otaduyri 48 minutu iraun zuen partidan.


Senior mailako finalean sakandarren esperantzak Ongay satrustegiarraren lanean zeuden. Linzoainekin aritu zen sakandarra, Arrietaren eta Imazen kontra. Partida lehiatua aurreikusten zen, baina ez zuen kolorerik izan. Izan ere, Arrietak eta Imazek hasieratik hartu zuten aurrea. 7 eta 0 aurreratu ziren gipuzkoarrak, eta hasieratik bukaeraraino jaun eta jabe izan ziren. Arrietak bi tanto egin zituen sakez eta Ongayk, aldiz, ez zuen sakez tantorik egin eta falta bat egin zuen sakean. Ongay eta Linzoain saiatu ziren, baina Arrieta finago egon zen aurrean eta tantoak hobeto bukatu zituen. Azkenean gipuzkoarrek 7 tantotan utzi zituzten nafarrak. Hortaz, aurten sakandarrak txapelik gabe geratu ziren.


Sari ematean Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari Ruben Goñi etxeberriarra, Altsasuko alkate Javier Ollo, Nafarroako Pilota Federazioko ordezkari Pablo Lopez de Goikoetxea eta Jesus Mari Porron eta Sociedad Deportiva Alsasuako presidente Luis Migel Santano izan ziren.