Eguerditik aurrera etengabeko joan etorria izan da herri mugimenduak Zubeztia plazan duen karpan. Zortzi mahaitan prestatzen ari zirena ikustera pasa dira goiztiarrenak eta, ondoren, Munduko Arrozak dastatzeko. Jatorriak jatorri, altsasuarrak elkartu eta elkarren berri izateko ekitaldia zen gaurkoa. Baita lortu ere.
Altsasuarrek elkarri arroz errezeta nola prestatzen zen galdetu diote. Eta dastatzeko aukera ere izan dute. Ganbiakoa kakahuete krema, tomate eta txahal haragiz egina zegoen. Gozoa zegoen. Min puntu bat zuen Bangladeshkoak, oilaskoa, zuritu gabeko patatak eta hainbat espezia zituena. Valentziako paella bukatzen lehena izan da. Aldamenean oilaskoarekin eta txanpinoiekin prestatutako Bulgariako arroz ederra zegoen. Barazkiak eta haragia zituen Marokoko cous-cousak. Txipiroiek belztutako arroza eta alioliarekin edo hur kremaz dastatu zitekeen barazkidun arrozak prestatu dituzte bertako bi taldek. Azken hori creppe barruan dastatzeko aukera izan da.
Arroz bulkatu edo platera garbitzeko talo zatiak banatu ditu antolakuntzak. Hartaz herri mugimendua, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea eta Mank-eko Immigrazio Zerbitzua arduratu dira. Gainera, migrazio gaien inguruan hausnartzera gonbidatzen zuen panel handia ikusteko aukera izan dute bisitariek. Hala nahi izan dutenek, gainera, eskua eta esku-muturra hennaz edertu dute.