Txakurren pozoitzeak

Guaixe 2015ko ira. 16a, 17:24

Udaltzainek Otadiko Kristo Deuna ondoan jarritako oharra.

Lau hil egin dira eta beste hiru larri zauritu. Foruzaingoak bost salaketa jaso ditu.

Altsasuko Otadiko Kristo Deuna eta San Joan ermiten inguruan, Idertzagain, Bakea, Nafarroa eta Altzania eta Amaia kaleen artean txakurrendako pozoia bota dutela gaztigatzen duten oharrak jarri zituen herenegun Udaltzaingoak. Baratzetan bareak eta barraskiloak hiltzeko erabiltzen den pozoia haragi pilotetan agertu da han. Baita hauts modura edukiontzien inguruetan ere. Pozoiak duen koloreagatik da deigarria. Agertu den tokietako bitan haurrendako jolas parkeak daude eta haurrendako erakargarria izan zitekeen.

Larunbat goizean izan zen pozoia zuten haragi bolen berri. Txakur jabeek elkarri gaztigatu zioten. Horrek, ordea, ez zuen astelehena bitartean lau animalia hiltzea eragotzi. Halakoa jaten duen txakurrak txistua botatzen eta botaka hasten da lehenik. Dardarka hasten da gero eta tenperatura igo egiten zaie. 24 ordutan birikaren edo bihotzaren akats bategatik hiltzen dira. Gehiago irauten badute, gibelaren akatsagatik.

Hildako txakurren kasuan heriotzak berehalakoak izan dira. Beraz, pentsatzekoa da pozoi dosi handiak jan zituztela. Halakoetan, txakurraren heriotza ziurra da. Dosia txikiagoa bada, jabeak animaliari lehenbailehen botaka hastea behartu behar du eta azkar batean albaitariarengana eraman.

Salaketa
Pozoitzeak salatzeko kontzentrazioa egin zuten txakurren hainbat jabek domeka arratsaldean. Jende talde ederra elkartu zen, haietako batzuk animaliekin. Eta taldea, manifestazio moduan, paseatzen udaletxeraino lehenik eta Foru plazara ondoren joan ziren. Festen ondoren mobilizazioekin segitzea ez dute baztertzen.

Foruzaingoak txakur jabeei tentuz ibiltzeko eskatu die. Foru poliziak ikertzen ari dira eta asteburuan ezohiko zerbait edo ikertutakoarekin erlazioa duen zerbait ikusi duenari 112 telefonora hots egin edo Altsasuko polizia etxetik pasatzeko eskatu du.
 

Txakurra, ez txerria
Pozoiak hil duen txakur jabeetako bat aurreko astean Altsasun barna kartelak jarri zituen. Haietan honako mezua irakur zitekeen: txakurra naiz, ez dut txerria izan nahi. Altsasu garbiago baten alde. Izan ere, txakurren egin eta jabeek jasotzen ez dituzten kaka ugariek altsasuarren kexu ugari sortzen dituzte. Horregatik, udan udaltzainak jabeak sentsibilizatzeko animaliak paseatzen dituzten inguruetan informatzen aritu ziren.

Udal araudiak arau hauste arintzat du txakurren kakak ez jasotzea. Horregatik, 60 eta 150 euro arteko isunak jarri daitezke. Jabearen jarrerak berean segitzen badu 150 eta 1.500 arteko isunak aurreikusten ditu.


1.937 txakur
Altsasuk duen erroldan kopuru hori dago, nahiz eta benetan gutxiago daude, hil ondoren nagusiek baja ematen ez dietelako.