Itsasi euskaltegiaren mustutzea

Euskahalduntzeko tokia eta garaia

Guaixe 2015ko ira. 18a, 14:47

AEK-ko irakasleak euskaltegi berrituko atean.

AEK-k Altsasuko euskaltegiaren berritzea eta handitzea mustuko du gaur, 19:00etan. Euskara ikastaroetan izena emateko epea asteazkenera arte zabalik dago.

Hizkuntza biziberritzeko ezinbestekoa da euskaldungoa haztea. Horretarako, azken KORRIKAko leloak zioen moduan, euskahaldundu beharra dago: dakienak euskara erabiliz eta ez dakienak ikasiz; ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatuz, besteak beste. Horretan aritzen dira euskaltegietan: helduei euskara irakasten eta euskarari ahots berriak ematen.

Otsailean 20 urte beteko dira AEK-ren Itsasi euskaltegia mustu zela Altsasuko Gartzia Ximenez kaleko 46. zenbakian. Makina bat jende pasa da orduz geroztik handik. Baina denbora pasa ahala AEK-ko kideak euskaltegia zahartzen ari zela konturatu ziren. Berrikuntza premia zuen. Klasea emateko azpiegitura txukuna bazen ere, bilerak egin eta bestelakoetarako toki falta zuten euskaltegian. Bestalde, krisialdiak ez du matrikulazioan jaitsierarik ekarri eta ikasle kopurua nahikoa orekatua izan da azken urteetan.

Lehen gau eskola izena hartzen zuten helduendako euskara klaseek. Azken lau urteetan Itsasi euskaltegian ikasle gehienak goizez izan dituzte. Goizez lekurik gabe ere izan dira, horregatik, irakasle gela ere ikasgela bihurtzen zuten. AEK-ko zuzendaritzari argudio horiek guztiak eman eta euskaltegia berritu, handitu edo lekuz aldatzea proposatu zioten Sakanatik. Azkenik, beheko bajera erosi zuten, moldaketa handia egin eta orain arteko euskaltegia eraberrituz. Behean: bulegoa, irakasle gela, bitan banatu daitekeen ikasgela handia daude, goian, berriz, lau ikasgela eta bi txikiagoak.

AEK-k hizkuntzaren aldeko lasterketan lortutako diruaren zati bat Sakanarako euskaltegiaren eraberritzera bideratu da. Ibarrean aurreko ikasturtean 135 ikasle eta 7 irakasle izan ziren. Ikasle gehienak emakumezkoak dira. Jubilatuak ere gero eta gehiago animatzen dira.

Izen ematea
AEK-n izena eman nahi duenak Itsasi euskaltegitik pasa daiteke (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara), sakana@aek.eus e-postara idatziz edo 948 468 258 telefonora hots egin dezake. Ikasketez, ordutegiez eta Mank-en diru-laguntzen berri ematen dute. Irailaren 23ra arte eman daiteke izena.


Mustutze ekitaldia
Dantzariak, zinta moztea, AEK-ko arduradunen hitzaldiak, bertsolariak, musika eta auzatea izanen da.


Sakanako helduen euskalduntze alfabetatzearen historia laburra

1968-03-01
Altsasun Dabid Martxuetak eta aita J. Beizamak 80 ikasleri klase ematen hasi ziren. Bi taldetan banatuta zeuden. Antzeko gertatu zen Sakanako hainbat herritan.

1969ko udazkena Altsasun helduendako ikastaroei berrekin zieten.

1975-11-06 Altsasuko Gure Etxea elkarteak euskara ikastaroetan izena emateko epea zabaldu zuen.

1980ko hamarkada AEK-k Lakuntzan eta Etxarri Aranatzen barnetegiak izan zituen.

1986 Euskaltegia jartzeko AEK-k Altsasuko San Juan kalean etxea erosi zuen.

1989 UGTk Constantino Salinas euskaltegia sortu zuen.

1990 Bakaikun barnetegia sortu zuen Bilboko Zenbat Gara kultur elkarteak.  

1991ko lastaila Euskaltegia konpontzeko asmoa zuelako, AEK-k Altsasuko San Juan kalean zuen egoitza utzi eta udalarena zen Gure Etxea eraikinean kokatu zen.

1996-02-16 AEK-k Altsasuko Gartzia Ximenez kalean Itsasi euskaltegia mustu zuen.

2015-09-18 AEK-k Itsasi euskaltegiaren handitzea eta eraberritzea mustu du.