Kali, Nafarroako txapelduna

Guaixe 2015ko ira. 24a, 09:56

Nafarroako Foso Unibertsaleko txapeldun absolutua izan da altsasuarra

Irailaren 13an Nafarroako Foso Unibertsaleko Txapelketa jokatu zen San Adrianen. Kategoria guztiak kontuan hartuta, 32 tiratzaile inguruk hartu zuten parte. Tartean zegoen Jose Carlos Jimenez “Kali”. Altsasuarra hirugarren mailan aritzen da.

Hasierako fasean 25 plateretako bi tiraldi egin behar zituzten. Kategoria guztiak kontuan hartuta 6 emaitza onenak egin zituzten tiratzaileak play-offetarako sailkatu ziren. Kalik 23 plater apurtu zituen lehen tiraldian eta 24 bigarrenean, eta Nafarroako Foso Unibertsaleko txapelduna erabakitzeko play-offetara sailkatu zen. Lehen mailako tiratzaile bat, bigarren mailako bi, hirugarren mailako bi eta laugarren mailako bat lehiatu ziren. Play-offetan 25 platereko tiraldiari egin behar zioten aurre, eta Kali izan zen onena, 23 plater hautsita. Fase guztiak kontuan hartuta, 75 plateretatik 70 apurtu zituen altsasuarrak. Bigarrena Rafael Lekunberri izan zen, 69 platerekin, eta hirugarrena Luis Cerdan, 65 platerekin. Hortaz, Kali Nafarroako txapelduna da, maila absolutuan, eta jakina, baita bere mailan ere, hirugarren mailan.

Denboraldiaren balorazio bikaina
“Oso kontentu nago. Nire mailan, hirugarren mailan, emaitza ona lortzeko esperantza nuen, baina ez nuen inola ere txapelketa irabaztea espero” dio tiratzaile altsasuarrak. Igandean Nafarroako Foso Unibertsaleko Kopa hartu zuen Ribaforadak eta kasu honetan Kali laugarren postuan sailkatu zen bere kategorian, hirugarren mailan. “Lehenengo tiraldian ez nintzen oso fin ibili. Baina kontentu nago. Gauzak ez dira beti ongi ateratzen” gaineratu du Kalik.

Nafarroako Foso Unibertsaleko Txapelketa eta Kopak Espainiako Foso Unibertsaleko Txapelketarako puntuagarriak ziren. Txapelketa hori 2016ko udan jokatuko da. “Aurtengo denboraldia despeditzen ari da, hurrengo urtera arte. Espainiako Txapelketa jokatzerako 300 plater puntuagarri geratzen dira oraindik. Hortaz, asko dago egiteko oraindik” azaldu digu Kalik. Altsasuarra aurten Euskadiko Foso Unibertsaleko txapeldunordea izan zen hirugarren mailan, eta denboraldiaren balorazio “oso ona” egin du.