Martinez absolbitua

Guaixe 2015ko ira. 24a, 15:39

Edurne Martinez Arrese elkarrizketatua bere aldeko ekitaldi batean.

Donostiako aske gunean militantzia politikoagatik atxilotzeko agindua zuten gazteen babes giza harresian parte hartu zuen Edurne Martinez Arresek (2013ko apirilaren 19an). Ertzaintzak altsasuarra atxilotu zuen eta agintearen kontrako atentatua leporatu zion (15 hilabeteko espetxe zigorra eta isuna). Garilaren 2an egindako epaiketan fiskaltzak eskaera aldatu eta erresistentzia leporatu zion (10 hilabeteko espetxe zigorra eta isuna). Azkenik, epaileak Martinez absolbitu egin du. Ordena publikoko falta bategatik 300 euroko isuna ordaindu beharko du, Ertzaintzak eskatu zuenean tokia utzi ez zuelako.

Martinezen auzipetzea zela eta, Edurnerekin bat dinamika sortu zen Altsasun. Hasieratik “muntaia polizial argia” izan zela salatu zuen eta “epaiketa politikoak eteteko” lan egin zuen. Horregatik, Edurnek Topatu.info atariari egindako adierazpenetan “muntai polizialak etetea lortu” dela adierazi du. Dinamikako kideek Hitzondo.net-i adierazi dioenez, “dugun arma bakarrarekin utzi dugu muntaia bertan behera: borroka, konstantzia eta elkartasuna. Jarrai dezagun bide horretatik, haien tresna eta estrategia guztiekin bukatzea lortu arte”.