Emakumeen Mundu Martxa 2015

Emakumeen Mundu Martxa asteartean Sakanan

Guaixe 2015ko ira. 28a, 17:00

Bihar, 11:00etan, Altsasuko Baratzeko bide plazan jarri du hitzordua mugimendu feministak.

 

IV. Nazioarteko Emakumeen Mundu Martxak Geure gorputzak, geure lurraldeak. Martxarekin jarraituko dugu guztiok libre arte leloa du. Europan barnako karabanak bere ibilbidea Kurdistanen abiatu zuen martxoaren 6an eta Coimbran despedituko du lastailaren 17an. Ibilbidea osatzen ari den furgoneta bat da martxaren ikurra.

Martxa zeharkatzen duen herrialde guztietan “eredu kapitalista eta heteropatriarkalaren aurrean emakumeek dituzten alternatiba feministak sustatzen eta ikusgai egiten” ari dira. Martxaren bidez emakumeek bizi dituzten askotariko indarkeria-motak ikusarazi eta salatu nahi dira, zapalkuntzak sustatzen dituzten eragileak identifikatuz.   

Nazioarteko ibilbidean Martxak munduari erakutsi nahi dio emakumeak “erresistentzian ari garela eta ez dugula amore emanen gure gorputzen gainean erabaki ahal izan arte. Modu askean, beste modu batean sortzea eta bizitzea posible” dela baieztatu dute. Aldi berean, Martxarekin tokian tokiko mugimendu feminista indartu eta zabaldu nahi da.

Aldarrikapenak ereiten
Haziak dira martxaren ikurra, elikadura-burujabetzaren aldeko borroka gogoan. Martxa pasa ahala borroka feministako haziak ereiten ari dira etxeetan, balkoietan, baserrietan, baratzeetan, parkean, lokaletan, lorategietan… Tokian tokiko hazi eta landareak dira.

Egitaraua
Bihar, 11:00ak aldera iritsiko da Martxa Altsasuko Baratzeko Bide plazara. Han harrera eginen zaio. Segituan, musikaren doinura Helena Santanoren action-painting edo margotzea izanen da. Mugimendu feministak bere egin duen more kolorekoak diren izpiliku edo labanda landareak landatuko dituzte. Ibilbide bakoitzean egiten ari direnari jarraituz, Martxa osatzen ari den furgonetari Sakanako hazi bat utziko dute. Gainera, ekitaldira hurbiltzen diren pertsona guztiek hazi bana izanen dute opari. Martxari egindako harrera auzatearekin despedituko da.