EH Bildu konfluentziaren alde

Guaixe 2015ko ira. 30a, 12:47
Sakanako EH Bilduren batzarrera joandakoa Araizen azalpenak entzuten.

Nafarroako aldaketaren aldeko hainbat alderdi espainiar estatuko hauteskundeetara batera aurkeztearen alde agertu da Sakanako EH Bildu. Irailaren 22an egindako batzar irekian 40 sakandarrek parte hartu zuten eta Adolfo Araiz parlamentariak izan zen azalpenak ematen. Abendurako aurreikusten diren hauteskundeetan hainbat indarrek Nafarroan elkarrekin aurkeztearen onurak eta arriskuak aztertu zituzten eta bozka bidez baiezkoaren alde egin zuten.

Bat etortze hori izanen ez balitz EH Bildu bere kabuz aurkeztuko litzateke. Horregatik, hautagaiak aukeratzeko barne prozesua abiarazi du. Batzarrean prozesua azaldu eta hautagai posibleen proposamenak egin zituzten, prozesu bukaeran bozkatuak izanen direnak. Horretaz guztiaz aparte, Amaiur koalizioak egindako lanaren balantzea egin zen.