EH Bilduk altsasuarrak udal batzordeetan parte hartzea sustatuko du

Guaixe 2015ko urr. 1a, 19:28

Altsasuko EH Bilduko zinegotziak udala osatu zen bilkuran.

Udal berria osatu eta 100 egun lanean pasa ondorengo balorazioa egin du Altsasuko EH Bilduk, jakinik “gobernu programa garatzeko ia denborarik ez du ematen. Baina gestioa nondik nora joan daitekeen jakiteko pistak edo zantzuak eman ditzakeela”. Koalizioak lehenik eta behin gogorarazi du udalaren kontutan 1.743.863,19 euro utzi zituztela. “Horri esker gure herria hobetzeko hainbat obra egin dira, horietako batzuk  aurreko udalak jada eztabaidatu eta aurreikusitakoak”.

EH Bildutik adierazi dute “lanaren bitarte gure herria hobetu eta oposizio eraikitzailea” egiteko prest daudela. Udaleko hiru batzorderen eta Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ardura jokabide horren isla gisa jarri du.

Parte hartzeaz
Koalizioak garbiketa bertikalari buruzkoa legegintzaldiko lehen eztabaida mamitsutzat jo du. Udalbatzak protokoloa onartu aurretik pintaketak ezabatzeak eztabaida “kutsatuta iristea” ekarri zuela azaldu du EH Bilduk. Gaiak “birplanteamendua” behar duela ados dago koalizioa, “baina zintzoki iruditzen zaigu sorturiko polemika ekidin zitekeela (baita akordio sendo eta zabalago bat lortu ere) gaian zeresana duten agenteen parte hartzea erabili balitz”. Aldez aurreko eztabaidaren ondoren plenoko puntu gehienetan akordioa lortuko zela uste dute EH Bildukoek. Muralen gaiak eztabaida gehiago beharko lukeela ere aitortu dute. Parte hartzearekin hobetzeko aukera egonen dela uste dute.

Udaleko batzordeak batzorde informatibo huts bihurtzeko kezka azaldu du EH Bilduk. Udaletako batzordeak altsasuarren parte hartzera zabaltzea nahi du koalizioak, eta horretan saiatuko da buru den hiruetan. Interesa duten herritar guztiak haietan parte hartzera deitu ditu, “demokrazia gehiagorako, bizilagunen inplikazio gehiagorako eta herritarron parte-hartze handiagorako unea da”.