Encinak Perez eta Blanco omendu zituen

Guaixe 2015ko urr. 1a, 16:54
Perez eta Blanco, omenduak, erdian.

La Encinako bazkide egunean elkarteko adinduek omenaldia jaso zuten.

Irailaren 8an Guadalupeko Ama Birjinaren eguna da, Extremadurako eguna. Egun horren inguruan Extremadurako Astea antolatzen zuen La Encina Extremadurako Kultur Elkarteak. Aurten, ordea, ospakizunak bi egunetara murriztu dituzte. Irailaren 8a asteartea zenez, irailaren 6ra aurreratu zuten Extremadura Eguneko erromeria. Azken urtetan bezala, San Juan ermitan bildu ziren La Encinako kideak. Kantatutako meza ederraren ostean auzate ederra egin zuten San Juanen. Eta larunbatean ospatu zuten bigarren festa eguna. La Encinako bazkideen eguna izan zen larunbatekoa.

50 bazkide inguru bildu ziren elkartearen egoitzan, bapo bazkaltzera, eta bertan adinduei omenaldia egin zieten. Aurten Dolores Perez eta Luis Blanco izan ziren omenduak. Dolores Ziordian bizi da eta Extremadurakoa da, eta Luis Blanco, aldiz, Altsasun bizi da eta asturiarra da. Izan ere, makina bat tokiko jendeak egiten du bat La Encinan. “Bereziki Extremadurako jatorria dugunok biltzen gara La Encinan, baina baita beste probintzietakoak ere” azaldu digu La Encinako zuzendaritza taldeko kide Julia Cidek. Dolores Perezek brodatutako zapia eta lore sorta jaso zituen, eta Luis Blancok brodatutako txapela, zapia eta lore sorta. “Oso gustura egon ginen, giro bikainean. Juan Manuel Adan Gaitan izan zen pregoilaria eta Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek ere gure gonbitea onartu zuen. Egun polita izan zen” gaineratu du Cidek.