Bi hilketa matxista salatzeko kontzentrazioa

Guaixe 2015ko urr. 7a, 14:47

Gaur, 19:00etan, Altsasuko udaletxe parean.

Erandion eta Gizunen hilketa matxista bana izan da eta haiek salatzeko  Altsasuko mugimendu feministak deituta kontzentrazioa eginen da gaur. 19:00etan izanen da udaletxe parean. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik adierazi dutenez, “nazkatuta gaude, oso haserre. Beste behin ere, emakumeon aurkako indarkeria kasu baten aurrean gaude, gure gaitzespen osoa eta salaketa irmoa egin nahi dugu ezer baino lehen”.

Mundu Martxako kideek esan dutenez, “kontziente gara, emakumeon aurkako indarkeriak ez duela etenik, eta horren aurrean ezin dugu gure amorrua, nekea eta haserrea besterik adierazi”. Erasoek etenik ez dutela nabarmendu eta Euskal Herrian aurten 6 emakume erail dituztela azpimarratu dute. Halako gertakarien aurrean ez isiltzeko eta emakumeek aske bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu dute.

Sexu erasoa jasaten duten eta genero indarkeria egoeran dauden emakumeendako aholkuak:
-    Erasoa gertatzear bada: ahal izanez gero, berehala Poliziari deitu. Foruzaingoaren larrialdi zenbakia 112 da.
-    Erasoa edo saiakera gertatuz gero: konfiantzazko norbaiti gertatutakoa kontatu eta laguntza eskatu.
-    -Gertuen dagoen osasun etxera joan eta gertatutakoa azaldu, zauriak eduki edo ez edukita ere. Ez zaitez garbitu ezta arropa aldatu ere. Medikuaren errekonozimendua eta txostena eskatu, txostena oso garrantzitsua baita salaketa jartzeko orduan.
-    Salaketa jarri nahi izanez gero, poliziarengana jo eta Emakumeendako Asistentzia Juridiko Zerbitzuko (SAM) abokatua eta zaintzako psikologoa etor daitezen eskatu.
-    Genero indarkeria egoeran dauden emakumeek udaletako gizarte zerbitzuetan eta berdintasunerako zerbitzuetan laguntza psikologikoa, juridikoa eta bestelako baliabideak eska ditzakete.
-    Babesa behar izanez gero: eskatu babes agindua polizia etxean, auzitegian edo gizarte zerbitzuetan.
-    Informazio gehiago: eguneko 24 ordutan eskura dago 016 doako telefono zenbakia, Espainiako Gobernuak biktimen arretarako jarritako telefonoa. Deiak ez du arrastorik uzten telefono fakturan.