8. Onddo Lasterketa solidarioa

Guaixe 2015ko urr. 8a, 10:25

Urriaren 17an jokatuko da, Altsasuko ferietan eta lehenengoz 5 euro kobratuko dira, Josefina Arregui Klinikaren Lagunak elkartearendako

Dantzaleku Sakana atletismo klubak, hainbat babesle eta laguntzailerekin batera, 8. Onddo Lasterketa antolatu du Altsasuko ferietarako, urriaren 17rako. Urtetik urtera proba herrikoiagoa da hau, ez baita denborarik hartzen ez sailkapenik egiten. Helburua udazkenean zoragarri dagoen basotik barna korrikan buelta bat ematea da, gustura pasaz. Orain arte dohainik izaten zen proba, baina antolakuntzak 18 urtetik gorakoei 5 euro kobratzea erabaki du, jasotako diru hori guztia Josefina Arregui Klinikaren Lagunak elkarteari bideratzeko. “Klub bezala uste dugu herrian egiten diren gauzei gure babesa eman behar diogula eta horregatik egin dugu hau” adierazi du Dantzalaku Sakanako kide Peio Bergarak.

Josefina Arregui Klinikako Lagunen alde
Onddo lasterketaren aurkezpenean Bergararekin batera Josefina Arregui Klinikaren Lagunak elkarteko Patxi Goikoetxea zegoen. “Elkartearendako diru iturri bezala Sakana mailan maratoi bat antolatzea bururatu zitzaigun, horrela udaletxeekin harremanetan jarri eta Klinikaren egoerari buruz hitz egin eta ditugun beharren berri emateko, baina berehala ikusi genuen halako ekimen potolo bat guretzako gehiegizkoa zela. Dantzaleku Sakanakoekin jarri ginen harremanetan eta hurrengo egunean bertan egin ziguten Onddo Lasterketan guretzako diru bilketa hori egitearen proposamena. Gu oso eskertuta gaude beraiekin. Onddo egunean bildutakoa klinikako fisioterapia gela hornitzera bideratuko dugu” azaldu zuen Patxi Goikoetxeak.

Onddo lasterketan aurretik txikiak ariko dira, goizeko 11:00etan, eta 12:00etan helduen txanda izango da. 18 urtetik azpikoek ez dute inskripziorik ordaindu behar izango. “Hala ere, Josefina Arreguiren Lagunak elkartearekin kolaboratu nahi badute, mahaitxo bat egonen da diru ekarpenak hartzeko. Eta baita elkarteko kide egiteko aukera ere. Egun elkarteak 450 bazkide ditu, urtero 12 euroko kuota ordaintzen dutenak, eta klinikan auzolanak egiten dituzten 52 boluntario. Onddo lasterketa ikustera hurbiltzen diren guztiek ere izango dute ekarpena egiteko aukera” gaineratu du Bergarak.

Korrika osatzeko zirkuitua eta ibiltzen osatzekoa
Onddo lasterketa, helduena, 12:00etan abiatuko da. Urteroko zirkuitu berbera izango da, 6,6 km-koa, onddoak ateratzen diren paraje zoragarrietatik barne: Otaibarren, Zamarretako zubia, San Pedro, basoitxi, Dantzaleku… “Ibilbidea nahiko eramangarria da, baina badago Josefina Arregui Klinikaren Lagunak taldearekin kolaboratu nahi duen jendea baina korrika egitea eurendako gehiegizkoa dena. Horregatik, 5 km-ko beste ibilbide bat prestatu dugu eurendako. Ordu berean aterako dira. Hortaz, ez dago aitzakiarik eta edonork parte hartu dezake Onddo lasterketan. Uste dugu elkartasun honek jende gehiago erakarriko duela gure lasterketara. Gure lasterketa oso herrikoia da, ez da lehiakorra eta naturaz gozatu nahi dugu, korrikan, onddoak ateratzen diren parajean. Mundu guztia gonbidatzen dugu” azpimarratu du Bergarak.

Kamisetak eta 600 produktu loteren zozketa
Proba korrikan osatzen dutenek kamiseta jasoko dute. 350 kamiseta egin ditu antolakuntzak eta izena aurretik internetez eman dutenek izango dute preferentzia jasotzerakoan. Proba hasi baino lehen emakumeei kamiseta banatuko zaie, proba kamisetarekin jokatzeko. Bukaeran jasoko dute gizonezkoek. Helmugan freskagarriak eta edariak izango dituzte korrikalariek eta oinezko proba osatu dutenek. Guztien artean lehendabizi 3 onddo saski zozketatuko dira, eta ondoren feriekin lotutako produktuekin –txistorrak, gaztak, Katealde pateak, Lacturale esnea, ardoa, gargardoa…– osatutako 600 lote zozketatuko dira. Eta ondoren jasotako diru guztia Josefina Arregui Klinikaren Lagunak elkarteari emango zaio eta klinikari ere errekonozimendua egingo zaio.

Aurten parte hartze gehiago espero dute. “2014an haurren proban 138 neska-mutiko aritu ziren eta proba nagusian 116 emakumezko eta 167 gizonezko. “Proba herrikoi-herrikoia da hau; lasterketa honek atletismoa sustatzen du, partaidetza, lehiatzeko beste lasterketa batzuk baitaude” nabarmendu du Bergarak.

Aurretik txikiak
Urriaren 17an, 11:000etan, lehenik eta behin kategoria txikienak ariko dira korrikan, 36. Eskolarteko Krosean. Altsasuko Foru plaza eta Zubeztia plaza artean antolatuko dira kategoria ezberdinetako probak. Bukaeran zukua eta gozoren bat jasoko dute neska-mutikoek, eta produktu ezberdinak zozketatuko dira.

Izena emateko
www.dantzalekusakana.com web orrialdean, urriaren 16ko 24:00ak arte (18 urtetik gorakoek, 5 euro, Josefina Arregui Klinikaren Lagunak elkartearendako).