Iraleko 12 irakasle Altsasuko institutuan eredu bila

Guaixe 2015ko urr. 10a, 12:04

Iraleko irakasleak eta institutukoak elkarrekin.

Asteartean Iraleko 12 irakasle Aralarko Mikel Donea institutuan izan ziren, ahozkotasuna lantzeko ikastetxean erabiltzen den proiektua bertatik bertara ezagutzeko.

Irale Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen prestakuntzaz arduratzen den erakundea da, eta, eskaintzen dituen ikastaroen artean, R700 izenekoa dago. Haren bidez irakasleek ikastetxeetan hizkuntza-gaitasuna garatzeko trebakuntza jasotzen dute bost astez. Irakasleendako ikasgaien artean hizkuntzaren didaktika dago. Aralarko Mikel Donea institutuaren praktika ona eta esperientziaren berri jasotzeko asteartean Altsasuko ikastetxera etorri ziren Iraleko irakasleak, testigantza bertatik bertara jaso eta zalantzak argitzeko.

Institutuan ahozkotasuna lantzeko proiektua duela zazpi urte abiatu zuten. Haren bidez, besteak beste, ikasleek ahoz komunikatzeko duten gaitasuna hobetu eta ahozkotasuna modu sistematiko eta programatuan landu nahi da. Asko dira bertan parte hartu duten eta hartzen duten irakasleak. Kanpoko eragileen balorazio ona ere jaso du. Horren adibide da Hezkuntza Departamentuak 2013-2014 ikasturtean emandako ahozko hizkuntza irakasteko egitasmoari emandako Praktika Ona saria.