Haur eskola Intxostiapuntara aldatuta

Guaixe 2015ko urr. 8a, 17:47

Intxostiapunta gazte gunean haur eskolarendako egokitutako geletako bat.

Udaleko lanen brigada obrak despeditu ondoren gazte guneko beheko solairuan dago haur eskola.

Sute batek Txirinbulo haur eskolako moduluak erabat suntsitu zituen irailaren 3an, ikasturtea hasi zuten egunean. Horren ondorioz, Altsasuko Udalak hainbat neurri hartu behar izan ditu udal haur eskolaren zerbitzua egoki eskaini ahal izateko. Behin behinean umeak Txantxari ludotekan izan dira. Bitarte horretan udaleko lanen brigadak egokitzapenak egin ditu Intxostiapunta gazte guneko behe solairuan eta irailaren 28az geroztik han da haur eskola.

Javier Ollo Martinez alkateak gogorarazi du kokapen hori behin behinekoa dela eta udalaren asmoa, Navarro Villoslada ikastetxea zenaren lekuan haur eskola egokitzeko lanei berrekitea dela. Ollok aitortu du udalak ezohiko egoeren aurrean aparteko neurriak hartu behar izan dituela. Haur eskolako gurasoei sortutako nahasmena gogora ekarri du, baita begiraleen eskuzabaltasuna eta ulermena ere. Ollok sutea eta gero egin duten lana goraipatu du.

Aldaketak
Haur eskolaren kokapen berriak Gazteria eta Kirol Zerbitzuen programazioetan eragina izan duela azaldu du alkateak. “Lehenak behe solairuan programatuak zituen jarduerak eta haietako batzuk orain Intxostiapuntako gimnasioan eginen dira. Han aurreikusitako kirol jarduera batzuei eraginen die”. Intxostiapuntako psikomotrizitate gela erabiltzen zuen Mila Kolore, Sakanako Ezgaituen Elkartea, udalaren beste egoitza batean elkartuko da. Udala ahalik eta aldaketa gutxien eragiten saiatu da. Alkateak aldaketak ukitu dieten pertsonei elkar ulertzeko gaitasuna eskertu die. Altsasuarrek adierazitako elkartasuna ere nabarmendu du.

Atabo
Altsasuko udal kirol azpiegiturak kudeatzen dituen enpresa publikoak administrazio kontseilua berritu du. Bere presidente berria Manuel Bergara da. Enpresaren egoerari buruz hitz egiteko aurretik karguan egondako Asun Fernandez de Garaialderekin elkartuko da. Alkateak azken horrek egindako lana eskertu du.