Tanger eta gero, Altsasu

Guaixe 2015ko urr. 8a, 15:25

ARTebidek Tangerren jarritako erakusketa.

Marokon Sakanako artisten lanak ikusgai izan ondoren hilaren 16tik aurrera Arte Azoka izanen da Altsasuko Iortia kultur gunean.

Irailaren 3tik 30era Tangerko erdigunean, El Minzah hoteleko Ibn Khaldoun galeria-kultur gunean ikusgai jarri zuten erakusketa jaso ondoren, ARTebide elkarteko Manola Arregi eta Jule Costa ostiralean bueltatu ziren. 13 sortzaile sakandarren eta beste 9 gonbidaturen lanak ikusgai izan ziren erakusketan. Costak zehaztu digunez, formatu txikiko koadroak izan dira ikusgai egon direnak. “Denetariko teknikak izan dira: margolanak, grabatuak, collage modukoak…”

Costak esan digunez, “gu egon garen egunetan erakusketatik pasatzen zen jendea bazela ikusi dugu”. Arregiren iritziz, “hemendik ikusita, Tanger edo Maroko, nahiz eta hurbil egon urruti daude. Beste kultura baten barruan murgiltzen zara eta haiek artea edo eskulana nola estimatzen duten ikustea, esperientzia polita izan da”.

Tangerkoa buruan dutela, ARTebideko kideak Altsasuko Arte Azokaren prestaketan buru belarri sartu dira. Altsasuko Iortia kultur gunean erakusketa muntatzen astelehenean hasiko dira. Erakusketaren mustutzea hilaren 16an izanen da, ostiralez, 19:00etan. Ohi bezala sortzaile sakandarrekin batera artista gonbidatuen lanak ikusteko aukera izanen da IV. Arte Azokan. Ez dute jarduera osagarriak egitea baztertzen.

ARTebide
Irati Urrestarazu Zubizarretak Sakanako artistak elkartu eta elkarren arteko harremanak sustatzeko beharra mahai gainean jarri zuen. 2011 urtea zen. Sakanako artistendako lokal bat lortu eta han lanak eta ideiak partekatzea, tailerrak sortzea zen helburua. “Bakoitza gure kabuz ibiltzen zen eta gure esperientziak partekatzea zen asmoa”, gogoratu du Arregik. “Norbera bere esparruan geldituta, norberak gauza asko egin arren, Sakanan artistarik ez zegoela zirudien”, gehitu du Costak. Eta gaineratu du elkarteak “indarra eta aukera pila” eman dizkiela, Tangerreko erakusketa esaterako.

Asmoen artean Arte Azoka antolatzeko ideia zegoen eta hori 2012an lortu zuen. Altsasuko feriekin batera hasi ordutik eta hilabetez egon da ikusgai urtero. Arte Azokak Sakanako artista guztien obra eta artelanak ikusteko aukera ematen du.


Euskadi Irratiko Mezularia saioko Tokikom atalean izandako elkarrizketa hemen entzungai: