Grandako abesbatza Altsasun

Guaixe 2015ko urr. 9a, 12:32
Grandako abesbatza.

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Maiatzaren 23an Erkudengo Ama abesbatzak Grandako elizan kantatu zuen, musika erregionaleko talde koralen XIV. Emcore topaketan. Udaberriko bisita udazkenean bueltatuko du Grandako abesbatzak. Policarpo Muñiz Santuriok zuzentzen duen abesbatzak kantu profano eta erlijiotsuekin osatutako errepertorioa eskainiko du, obra klasikoak, herri kantak eta beste tartekatuz. Halako elkartrukeetan ohi denez, Altsasuko abesbatzak pieza pare bat abestuz emanen dio hasiera emanaldiari, oholtza gonbidatuei uzteko. Asturiarren  kontzertua eta gero, emanaldia bi abesbatzek batera despedituko dute.

Grandako abesbatza 1979an sortu zen. Xixon inguruan eman dituzte kontzertu gehienak, baina Espainia iparraldean ere aritu izan dira, besteak beste, Valladoliden, Lugon, Coruñan, Ourensen, Kantabrian, Santiago de Compostelan. 2002ko lastailean Felgueran ospatu zen La Mina y el Mar Abesbatzen Lehiaketa Probintzialean lehen saria irabazi zuen. Lehen postua lortu zuen joan den urteko lastailean Xixón de Sidra jardunaldietako Cancios de Chigre II. Lehiaketan ere.