Literatura-txangoa Pasaiara

Guaixe 2015ko urr. 9a, 14:30

Arkatz liburu-dendak Ibon Martinen El faro del silencio liburuaren irakurleak gertaerak jazotzen diren tokiak ezagutzeko literatura-txangoa antolatu du lastailaren 25erako.

Ibon Martinen liburuko pertsonaia Leire Altuna da. Erdibitutako emakume baten gorpua opatu du Pasaiako itsasargiaren ondoan. Bera dute susmagarri, desesperatuta bere kabuz ikertzen hasiko da eta hiltzailea XIX. mendeko Gasteizko hiltzaile baten imitatzailea dela atzemanen du. Pasaiako itsas portu berriaren egitasmoaren aldeko eta kontrakoak, ekonomia krisia eta bestelakoak ere jasotzen ditu liburuko istorioak.

Eleberriko eszenatokiak bertatik bertara ezagutzeko txangoa antolatu du Arkatz liburu-dendako Elena Aldasoro Galanek. Egitaraua hauxe izanen da: Pasai San Pedroko elizatik atera eta itsasadarraren ertzetik joanen dira, San Pedrora txalupan pasatzeko. Portua pasa eta Albaola ontziolan San Juan baleontziaren lanen martxa ezagutzeko bisita eginen dute. Hura bukatuta, Platako itsasargira joko dute (han agertu da eleberriko hildakoa). Herrira bueltan, irakurleek hilerria bisitatuko dute. Hiru ordu letretako parajeak gorpuzteko.

Elena Aldasoro Galanek esan digunez, liburua irakurri eta gero Paisaian txangoak egiten ari zirela jakin zuen. Liburu-dendan ekitaldiak egiteko asmoa beti izan du buruan, “baina leku faltagatik ezin ditut gauza asko antolatu” eta literatura-txangoarekin hastea erabaki du, idazleak “erraztasun denak” eman dizkiolako.

Bezeroen erantzunarekin “guztiz txundituta” dago eta Aldasorok aitortu duenez, askok ideiagatik zoriondu dute; “adin guztietako talde polita batzen ari gara”. Aldasorok esan duenez, “bezero asko galdezka hurbiltzen da eta irakurri ondoren komentatzera itzultzen dira”. Gainera, liburu salmentan eragin handia izaten ari da. Denborarekin liburu-dendan jarduera eskaintza zabaltzeko asmoa du, bi hizkuntzetan.

Izen ematea
Altsasuko San Juan kalean dagoen liburu-dendatik pasa, 948 563 156 telefonora hots egin edo arkatz@terra.com e-posta helbidera idatzi. 50 tokiak bete arte edo lastailaren 16ra arte eman daiteke izena.