Mintzakidek euskaraz hitz egin eta jendea ezagutzeko balio du

Alfredo Alvaro Igoa 2015ko urr. 16a, 08:05

Pili Rellan, Gixane Santano, Edurne Ruiz, Eider Etxebarri, Eva Garisoain, Angelines Marquez, Maria Lumbreras eta Maite Miguel, Altsasuko Mintzakide talde bat.

1. Taberna batean, mahai baten bueltan. Zertan ari zarete?
Euskaraz hitz egiten. Edozeri buruz. Egunaren arabera. Batzuetan asko hitz egiten dugu, besteetan ez hainbeste, baina gutxienez, gustura gaude.

2. Horrela elkartzea baliagarria zaizue?
Bai. Soltura gehiagorekin hitz egiten dugula nabari da. Nahiz eta agian gaizki esan, baina soltura gehiago. Belarria egiteko ere balio digu.

3. Klaseak dira?
Ez. Tabernan beste giro batean elkartzen gara. Lasaiago hitz egiteko.

4. Zein animorekin etortzen zarete?
Gogoz, goizeko kafea sakratua baita. Euskaraz hitz egin eta jendea ezagutzeko balio du.

5. Kalean topo egiten duzuenean, zein hizkuntzatan aritzen zarete?
Gutxienez euskaraz hitz egiten saiatzen gara. Euskaraz hitz egiten hasten gara, baina ongi azaltzen ez dakigunean, ba, gaztelaniara aldatzeko joera dugu. Baina saiatu, beti euskaraz. Lehen puntua da hori. Batzuetan lortzen dugu.

6.  Zuen inguruan euskaldunik baduzue?
Bai eta haiekin euskaraz hitz egiten saiatzen gara. Baina ez da erraza. Hala ere, norberak gure inguruko jende jakin batekin euskaraz hitz egiten du. Edo gutxienez saiatzen gara. Garrantzitsua da hori.

7. Zer diote?
Gu euskaraz entzunda animatu egiten gaituzte.

8. Herrian lotsarik gabe euskaraz hitz egiterik baduzue?
Segun eta zeinekin hitz egiten duzun. Gure artean ez dago lotsarik, gaizki esaten badugu ere, saiatzen gara. Hori da garrantzitsuena.

9. Urduritasunik?
Bai. Norberak duen mailak ere badu zeresana. Gauzak ongi esan nahi dituzu, eta horrek urduritasuna sortzen digu.

10. Eta euskaldun berriak ezagutzeko aukera izan duzue?
Bai. Gainera, Mintzakide programatik zinemara eta liburu aurkezpenetara joatea, liburuak irakurtzea eta horrelakoak ere sustatzen da.  

11. Hau irakurri duen euskaldunak zuekin nola egin beharko du?
Euskaraz.

Informazioa jaso edo izena emateko
600 482 024 telefonora hots eginez, sakana_mintza@aek.org e-postara idatziz edo Itsasi euskaltegira joz (Altsasuko Gartxia Ximenez, 46). Momentuz Irurtzunen, Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Olatzagutian daude taldeak. Dohainik da.